Aldundiak eta udalak 150.000 euro jartzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta Donostiako Klasikoa kolokan daude ekonomia arazoengatik
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia kolokan dago, diru faltagatik. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak gaiaren inguruko balorazioa plazaratu zuten atzo goizean. Prentsaurrekoan, proba mantentzearen aldeko apustu sendoa azaldu zuten, arrisku berean dagoen Donostiako Klasikoarekin batera. Azken batean, Euskal Herriko Itzulirako adostutako 150.000 euroak jartzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Diru iturri hori beharrezkoa baita proba bermatzeko.
Ikerne Badiola aldundiko kirol diputatuak azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du txirrindularitza probaren inguruan hitzartutakoa bete. Beraz, Donostiako Klasikoa ere kolokan dago. «Ezin dugu onartu 2012an bi probak desagertzea. Euskal Herria nazioarteko erreferentea izaten da egun horietan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu», adierazi zuen Badiolak. Itzulia zuzenean milaka zalek jarraitzen dutela gogorarazi zuen diputatuak, eta ez luketela proba desagertzea onartuko. «Txirrindularitzan, beste kirol batzuetan ez bezala, ez dago zatiketarik zaleen artean», gehitu zuen Badiolak. Aipatutako datuen arabera, Euskal Herriko Itzuliak hiru milioi ikusle baino gehiago izaten ditu ETBk, TVEk eta Eurovisionek egiten duten telebista jarraipenaren bidez; Donostiako Klasikoak, berriz, bost milioi ikusle izaten ditu. Hala,eskaintzen diren helikoptero irudien bidez, turismoa ere bultzatzen dela aipatu zuen Badiolak. Euskara ere gainontzeko herrialdeetan zabaltzen dela zioen, ETBk beste telebistei ematen dizkien irudien bidez.
Josu Ruiz udaleko Kirol zinegotziak ere hartu zuen hitza. «Klasikoa jokatuko ez balitz, Donostiak kalteak izango lituzke; begibistakoa da. Arlo ekonomikoan milioi eta erdi euro uzten ditu Klasikoak hirian», adierazi du Ruizek. Bestetik, Gipuzkoako Aldundia dagoeneko harremanetan jarri da Bizkaia eta Arabako aldundiekin, Jaurlaritzak hitza beteko ez balu, dirua beste modu batera lortzen saiatzeko. Gainera, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, UCIk, esan berri du, probak mantendu daitezen laguntzeko prest dagoela.
Herri ekimena abian da
Dirua biltzeko herri ekimena ere abian da jada. Izan ere, Donosti Berri Txirrindularitza Elkarteak Kontuz 1 euro izeneko kanpainari ekin dio. Hala, jarraitzaile bakoitzak euro bat ematea da helburua, probak desagertu ez daitezen. Dirua sartzeko Kutxako kontu korronte zenbaki bat eman dute: 2101-0072-76-0012986386.