Espainiako Espetxe Erakundearen zuzendariak Zubietako kartzelaren egitasmoa mantsotu egingo dutela baieztatu dio alkateari
Donostiako Udalak ohar batean adierazi duenez Juan Karlos Izagirre alkateak telefonoz hitz egin du Angel Yuste Espainiako Espetxe Erakundearen zuzendariarekin eta honek baieztatu dio Zubietako kartzela egiteko proiektua atzeratu egingo dela. Lanen lizitazioa bertan behera geratu da. Izan ere, Espainiako gobernuak Zubietako espetxerako ez luke langile berririk izango, murrizketak direla medio Mariano Raxoiren exekutiboak aurten ez duelako lanpostu publikoen lehiaketarik aterako.
Oposizioko udal alderdiek Espainiako Gobernuaren erabakia kritikatu dute.Guztiek diote Zubietako kartzela ezinbestekoa dela hiriaren garapen ekonomiko eta urbanistikorako ere. Kartzela ez egitekor erabakiak airean utziko ditu harekin lotutako proiektuak. Zubietako industria gunea, esaterako. Baita Txomin Eneako babes ofizialeko etxeak ere; Martuteneko kartzela zaharraren tokian egin beharrekoak.
Alkateak gaur bertan hitz egin du Yusterekin, “Zubietako kartzelaren egitasmoa bertan behera uzteak zuzenean eragiten baitio Txomin Eneari, eta bertan aurreikusita dagoen hirigintza planari”. Udalarekin adostutako Zubietako kartzela egiteko proiektua mantenduko badute ere, egitasmoa atzeratu egingo dela adierazi dio Yustek alkateari. Eta alkateak Zubietako kartzelak Txomin Eneako proiektu estrategikoan duen eragin zuzena gogora ekarri dio. Txomin Enean 1.200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da hirigintza planean. Alkatea bi asteren buruan elkartuko da Yusterekin.
Ramon Gomez PPko bozeramaileak kartzela egiteko proiektua bertan behera uztearen kontra dagoela argitu du. Alderdi Popularreko zuzendaritza Barne Ministerioarekin “erabakia berraztertzeko” harremanetan ari direla baieztatu du. Espainiako gobernuak Zubietako eraikuntza geldi ez dezan “ahaleginak eta bi” egingo dituela. EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak “kolpe latza” dela dio, Zubietako kartzelaren proiektuaren atzerapenak Txomin Eneako hirigintza egitasmoa bere osotasunean garatzea “arrisku bizian” jartzen duelako. Izan ere proiektu horretako 1.250 etxebizitzetatik 300 Martuteneko espetxearen lekuan eraikitzekoak ziren. Halaber, Erabakia euskal presoak gerturatzeko oztopoa izan daitekeela gaineratu du: “Zalantzarik gabe, gauzak planteatu diren erara, kartzela ez egiteak presoak hona gerturatzea oztopatzen du”. PSE-EEko Enrique Ramosek, berriz, “albiste txarra” dela esan du Zubietan egin nahi dituzten beste hainbat egitasmo eroriko direlako atzetik: “Papin eta Molinaoko enpresak ezingo dira Zubietara joan, Realak hotel bat egiteko zuen asmoa ezingo da garatu, Txomin Eneako bigarren fasea ezingo da egin, ezta gida-baimena lortzeko azterketak egiteko gunea ere”, esan du Ramosek.