Lan erreformaren aurka "elkarrekin" lan egiteko deia egin diete eragileei
Ezker abertzaleak, Gazte Independentistek eta LABek deituta, bilera egingo dute hilaren 16an Okendo kultur etxean
Donostiako LABek, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek agerraldia egin zuten, atzo, sindikatuaren Groseko egoitzan. LABeko ordezkari Leire Garrok eta Lurdes Erasok nahiz ezker abertzaleko Aritz Ibarrolak parte hartu zuten prentsaurrekoan, eta deitzaileek adostutako idatziaren berri eman zuten.
Bertan, Espainiako gobernuak dekretu bidez onartutako lan erreformaren inguruko azterketa egin, eta greba orokorraren deialdiari buruzko informazioa eman zuten. Alternatibak ere planteatu zituzten: Burujabetza eta erantzun kolektiboa; eta jendartearen gehiengoa osatzen duen langileriak –langile nahiz langabeak– bat egin eta elkarrekin borrokatu behar du.
Indarrak batu eta pauso sakonak emateko, datozen asteetan hainbat ekimen burutuko dituzte hirian. Hilaren 16an, bilera egingo dute Okendo kultur etxean. Bertan, hiriko eragile sozialak, sindikalak eta politikoak elkartzen saiatuko dira, ondoren, auzoetan greba komite zabal eta irekiak osatzeko.
Egungo krisi ekonomikoa lan erreforma gauzatzeko arrazoia izan beharrean “patronalaren boterea ia mugagabe handitzeko aitzakia” besterik ez dela nabarmendu zuen LABeko Donostiako ordezkari Lurdes Erasok. Izan ere, “bere eskakizunei erantzuten die, eta boterea handitzen dio, kaleratzeko, soldata jaisteko eta lan hitzarmen kolektiboak ez betetzeko aukera emanez”. Aldaketa honek orain arteko lan harremanen eredua ezerezean uzten duela eta langileak enpresarien aurrean babesik gabe daudela salatu zuten.
Azken lau urteetan lana sortzeko xedez hartu diren neurriek enplegua suntsitu baino ez dutela egin ere nabarmendu zuen Erasok. Horren erakusgarri, hiriko hainbat datu eman zituen: 11.222 langabe daude, egun, eta gehienak, 25 eta 45 urte arteko emakumezkoak dira. Gazteen langabezia tasa %23koa da eta langabeen %42ak ez dute prestaziorik jasotzen.
Espainiako gobernuaren erabakiak herritar guztien kalterako izan arren, bereziki, emakumeei, gazteei, langabeei eta pentsiodunei eragiten dietela gogorarazi zuten. Ezker abertzaleko Aritz Ibarrolak adierazi zuenez, politika hauek joera orokorrago baten isla dira. “Agintzen dutenak merkatuak dira. Erreforma bortitza ongizate gizarteak desagerrarazteko bidean egin nahi duten beste urrats bat besterik ez da”.
“Inposaketetatik babesteko”
Hala, grebarako aukeratutako data ez da ausazkoa izan. Erasok azaldu zuenez, martxoaren 30ean, Espainiako gobernuak aurrekontuak aurkeztuko ditu, eta bertan, agerian utziko dute murrizketen atzean zer dagoen. Honen aurrean, eskema aldaketa ezinbestekotzat jo zuten. Horretarako, Ibarrolaren ustez, erantzunak “kolektiboa, antolatua eta politikoa” izan behar du.
Burujabetzak inoiz baino dimentsio sozial handiagoa duela ere zehaztu zuten. Horren bidez, pertsonen zerbitzura egongo den ekonomia eta justizia sozialean oinarritutako eredua erdiestea dute helburu. Izan ere, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal esparrua eraikitzea ezinbestekoa baita “inposaketetatik babesteko”. Horretarako lan munduan nahiz gizartean langileok eta herritarrok erabakietan parte hartu behar dutela baieztatu zuten.