Parte Zaharreko terrazak antolatu behar direla dio EAJk
Parte Zaharrean terrazak jartzeko plana osatuko zela agintzen zuen mozioa onartu zuen udalbatzak duela bost hilabete. Harrezkero, udal gobernuak «ezertxo ere ez» duela egin salatu du Juan Ramon Viles EAJko zinegotziak. Bilduk «borondate politikorik ez» duela kexu da; eztabaida sortzen duen gaia dela, ordea, eta irtenbideren bat bilatzea «beharrezkoa» dela nabarmendu du Vilesek. Irizpideak ezarriko dituen araudia falta dela uste baitu. Pausorik ematen ez den bitartean, hiriko ekonomiarentzat baliagarria izan daitekeen denbora galtzen ari direla ohartarazi du zinegotziak. Uda gainean dela eta Parte Zaharra «inolako antolaketa eta planifikaziorik gabeko» terrazez beteko beteko dela erantsi du Juan Ramon Vilesek.
Kexak
EAJ, gainera, Parte Zaharreko ostalari, bezero eta bizilagunen interes eta beharrak uztartuko dituen plana baino, hiri osoko terrazentzat baliagarria izan daitekeen araudia osatzearen aldekoa da. Zinegotziaren esanetan, udal gobernuko kideak ez dira ez plana ez araudia osatzen ari, eta bien bitartean, terrazak direla-eta udaletxean herritarren kexak jasotzen ari direla aipatu du Vilesek.