Zubietan kartzela egiteko hitzarmena beteko dutela agindu dute erakundeek
Eman beharreko pausoak zehazteko batzordea eratuko dute SIEPek, Espetxe Erakundeak eta udalak
Aurreko astean Espainiako Gobernuak Zubietako kartzelaren proiektua atzeratzeko zuen asmoaren berri eman zuten. Espainiako Gobernuaren eta kartzelak kudeatzen dituen Espetxe Erakundearen asmoak zeintzuk diren ezagutzeko, Juan Karlos Izagirre alkateak, Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak eta David Rebollo Hirigintza saileko zuzendariak bilera egin zuten SIEP-eko (Espetxe Ekipamenduetako Estatuko Elkartea) zuzendaritzarekin, Madrilen.
Juan Karlos Izagirre alkateak Donostiako Udalaren eta SIEPen artean indarrean dagoen hitzarmena «zintzotasun osoz» betetzen ari direla adierazi du. SIEPeko zuzendaritzak, era berean, jarrera bera izango duela eta «hitzarmena zintzotasun osoz» beteko dutela jakinarazi diete udal ordezkariei. Hitzarmena gertutik jarraitu eta hemendik aurrera emango diren pausoak adosteko, SIEPek, Espainiako Kartzela Erakundeak eta Donostiako Udalak batzorde mistoa eratuko dutela aditzera eman dute.
Udal gobernuaren lehentasun nagusia Txomin Eneako hirigintza egitasmoa abian jartzea da. Lehenengo fasea abiarazteko inongo eragozpenik ez legoke. Bigarrenari ekiteko, ordea, Martuteneko kartzela beste leku batera mugitu beharko lukete. Bi faseak aurrera ateraz gero, 1.250 etxebizitzako auzunea eraikiko litzateke Txomin Enean; gehienak babes ofizialeko etxeak.
2015erako libre nahi dute
Honenbestez, espetxea hirigintza egitasmorako oztopo bilaka ez dadin, Martutenen lurra eskuratzeko eta hirigintza proiektua garatu ahal izateko izaera teknikoko neurri guztiak azkartzea hitzartu dute Madrilen egindako bileran.
Udal iturriek baieztatu dutenez, eratuko duten batzordean hartuko dituzten neurrien bitartez, «Martuteneko lursaila 2015erako libre egotea bermatuko dute», Txomin Eneako egitasmoa bere osotasunean aurrera atera ahal izateko.
Juan Karlos Izagirrek, gainera, udal gobernuaren aldarrikapena ez ezik, gainontzeko udal taldeek ere Txomin Eneako proiektua garatzearen alde bat egin dutela argi utzi du. Alderdi guztiek hiriarentzako proiektu estrategikotzat jo dutela azaldu die.
Alkateak, era berean, SIEPek duen kartzela ereduarekin udal gobernua «bat ez» datorrela adierazi die elkarteko zuzendaritzako ordezkariei. Zubietan eraiki nahi duten «makrokartzelak ehunka preso» pilatzeaz gain, eredu horrek ez daukala presoak «behar bezala gizarteratzeko egitasmo eraginkorrik» plazaratu die Juan Karlos Izagirrek.
«Makrokartzelak», gainera, presondegiak leku duin bilakatzeko «kontrako bidetik» doazela nabarmendu die Juan Karlos Izagirrek SIEP elkarteko arduradunei.