Xabier Alvarez de Eulate gaur agurtuko dute, Oliten
Joan den ostiralean hil zen Xabier Alvarez de Eulate artista erlijiosoa. Donostian jaio zen 1919an eta Bermeoko frantziskotarren zahar etxean hil zen, 92 urterekin, Irutxuloko Hitzak ostiralean bertan bere webgunearen bidez jakinarazi zuen moduan. Oliteko komentuan emango diote azken agurra Eulateri, gaur, 18:00etan, Oliten bizi izan baitzen azken 50 urteetan. Hala ere, bere errautsak Arantzazuko Santutegian utziko dituzte, berak sortu baitzituen santutegiko beira leihoak.
Artistak bi urtez Madrilen ikasi zuen, Arte Ederren akademian, eta ondoren, Jorge Oteiza artista eta lagunaren tailerrean aritu zen lanean. Iazko maiatzean omendu zuten Arantzazun, eta Donostiako Kutxa Boulevard aretoan bere erakusketa antologikoa zabaldu zuten, 2011 urte bukaeran.