Judith Jauregi: "Maleta bat, piano bat, Sacristan eta ni bakarrik agertuko gara"
Aieteko pianistak eta Jose Sacristan aktoreak Machadoren inguruko ikuskizuna eskainiko dute Kursaalen
Ikuskizuna
Judith Jauregi (Aiete, 1985) pianistak eta Jose Sacristan aktore madrildarrak Antonio Machadori omenaldia egin nahi diote, De los dias azules al sol de la infancia ikuskizunaren bidez. Iaz Bilbon estreinatu zuten ikuskizuna, eta Bartzelonatik igaro ostean, etzi Kursaalera iritsiko da, 20:00etan. Nondik norako zehatzagoen berri emateko, prentsaurrekoa eman zuen Jauregik, atzo goizean.
Ikuskizunak, poeta espainiarraren bizitza errapasatuko du, atzetik aurrera, hau da, zahartzarotik haurtzarora. Hala, Machadoren poemak interpretatuko ditu Sacristanek, eta Jauregik pianoarekin musika jarriko du. «Poesia uneak daude, musika uneak daude, eta poesia eta musika uneak daude», zehaztu zuen Jauregik. Azaldutakoaren arabera, Jauregiren agentziaren bidez sortu zen ikuskizunerako ideia, eta Madrilen aritu dira pianista eta aktorea elkarlanean. Hala, Sacristan umore handiko pertsona dela aipatu zuen Jauregik, eta berarekin lan egitea oso erraza izan dela gehitu du. Azken batean, ikuskizuna «musika eta poesia baino haratago doa» Jauregiren hitzetan.
Eszeneratze sinplea
Ikuskizunaren eszeneratzea oso sinplea izango dela aurreratu zuen Jauregik. «Maleta bat, pianoa bat, Sacristan eta ni bakarrik agertuko gara. Ni maletarekin agertuko naiz, Sacristanen bidaia laguna izango naizela adieraziz». Momentu oro, musika eta poesia oso lotuak egongo dira, poesia bakoitzaren sentimenduak adieraziko baititu musikak.
- Zer. De los dias azules al sol de la infancia ikuskizuna.
- Interpreteak. Judith Jauregi pianista eta Jose Sacristan aktorea.
- Noiz. Martxoak 24, larunbata, 20:00etan.
- Non. Kursaaleko Ganbera aretoan.
- Sarrerak. 20 euro.