'Erraustegirik ez!'
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Txikitan Langaitz ikastolan ikasi nuen, Oreretan, SanMarko mendiaren magalean. Askorentzat ezaguna izango da mendia zabortegiarengatik, baina ezagunagoa behar luke duen gotorlekuarengatik. Egun eguzkitsuetan ezin genituen gelako leihoak ireki zabortegitik zetorren usainagatik. LH1-etik DBH3-ra usain nazkagarri hori usaintzen.
Azkenean SanMarko-ko zabortegia itxi zuten eta oraingo ikasleez oroitzen naiz, duten zortean pentsatzen dut. Baina zaborraren arazoa ez da hor bukatu. Orain erraustegiaren gaia dago pil-pilean. Bueno, zegoen. Gipuzkoan tirada handiena duen egunkariak ere, kanpaina gogorra egin zuen atez-atekoaren kontra; erraustegiaren alde, alegia. Eta alderdi politiko batzuk nola ahaztu, PP, PNV eta PSE. Ematen zuen atez-atekoarekin kobazuloetan bizitzera joango ginela berriro. Egunero zegoen berriren bat gai honen inguruan.
Baina gauzak aldatu dira. Europar Batzordetik erraustegiak itxi egin behar direla dioen txosten bat agertu eta egunkari horren kanpaina bukatu da. Hemen ezer gertatu ez balitz bezala jokatu eta kitto. Eta alderdi politikoak berdin. Lotsagarri geratzen ari zirela konturatu ginen batzuk, baina orain uste dut beraiek ere lotsagarri ari direla konturatu direla. Euren poltsikoan pentsatzeari utzi beharko lioketela iruditzen zait.
Pentsatu, azkenean, erraustegia inposatzen digutela. Izugarrizko kostuarekin gainera. 2016 urterako bukatua egotea eta 2018an Europako Batzordeak erraustegiak ixteko agintzen duela. Zer gertatuko zen? Nik badakit, EZER ERE EZ. Lotsarik gabe jarraituko lukete aberasten garapena jarriz aitzaki gisa. Horrelako adibide asko dago. Ares-en dimisioa ikusi al duzue Iñigo Cabacas-ena eta gero? Baina, beno, hau da politika. Beraiengan eta beraien poltsikoan pentsatzen dute eta gero gizartea dago.
Ni, orain, Hernanin bizi naiz, eta bi astetan ondo ohitu naiz atez-atekoaren sistemara. Bakoitzak ikusiko du zer egin. Azaldu ditzatela ondo sistema ezberdinak eta jendeak erabaki dezala zer nahi duen, demagogiarik gabe. Nik argi daukat kubo marroixkekin jarraitu nahi dudala, erraustegirik ez dudalako nahi, gainera.