Rafa Berriok eta Mursegok Seminarioan aurkeztuko dute 'Phantasma' ikuskizuna
Homeless Music Festival jaialdiak donostiar askorentzat oraindik ezezaguna den agertoki batera gonbidatuko ditu musikazaleak: Antiguako Seminarioko antzokira. Bertan egingo dute hurrengo musika emanaldia; jaialdiak antolatzen duen bosgarrena da jada.
Seminarioa bezalako ezohiko leku batean, kontzertu berezia eskainiko dute. Donostiako Rafa Berrio eta Eibarko Mursego musikariek elkarrekin prestatu duten ikuskizun berria aurkeztuko dute: Phantasma. Poesia, bideo artea eta musika emanaldia izango da: Berriok, Harkaitz Canok eta Victor Iriartek idatzitako testuak; eta Edorta Subijanak, Iban del Campok eta Angel Aldarondok egindako bideo proiekzioak.
Ginmusica-ko arduradun Sergio Cruzadoren ustez, «Seminarioa jende askok kanpotik ezagutzen duen eraikina da. Gutxi dira, ordea, barrutik ezagutzen dutenak». Igeldoko jolas parkea, Aquariuma, Ulia eta Petritegi sagardotegia izan dira Homeless jaialdiaren aurreko geltokiak. Haiek guztiak ere musika agertoki bihurtu ditu.
Ekainaren 8an, ostirala, izango da emanaldia, 20:00etan. Sarrerak gaur 12:00etan jarriko dituzte salgai Ginmusica.barrabarra.eu atarian, 12 eurotan.