Nerabeek aniztasun afektibo-sexuala onartzetik "barneratzera" pasa behar dutela uste dute Gehituko kideek
Homofobiaren, Lesbofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute gaur; horren harira, nerabeek aniztasun afektibo sexualaren inguruan dituzten jarrerei buruzko ikerketa aurkeztu du Gehituk.
Homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuen Osasunerako Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an. Orduz geroztik Homofobiaren Lesbofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da gaurko egunez. Oraindik ere, LGTB –lesbiana, gay, transexual eta bisexual– diren lagunek jasaten dituzten erasoak salatzeko, EHGAMek, Medeak, Bilgune Feministak eta Garaipenek elkarretaratzea egingo dute Fnac liburu-dendaren aurrean, 19:30ean. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete, “gizarte askeago baten alde borrokatzeko, eta sufritzen ditugun erasoak, irainak, jazarpenak eta kondenak salatzeko”. Halaber, transexualitatea gaixotasuntzat ez jotzeko aldarrikatuko dute. Bezperan, berriz, Gehituko eta Errespetuz elkarteetako kideek, homosexualitatea psikiatria eskuliburuetatik kanporatzeko eskatu zuten.
LGTB izatea gaixotasunarekin lotuz Espainiako Gotzain-Konferentziak edo gizartean pisu handia duten hainbat erakundetako kideek egindako baieztapenak ere gaitzetsi zituzten. Horiek baztertu, eta gazteak elkarkidetza nahiz errespetua bezalako baloreekin hezi behar direla adierazi zuten. Horretara, informazioa emateaz gain, hauen jarrerak aztertzea ezinbestekotzat jo zuten. Behar horri erantzunez, Gehituk Hitz egin dezagun homosexualitateaz programa aurrera darama 2007tik Gipuzkoako hainbat ikastetxetan. Horren barruan, gazteek LGTB pertsonekiko dituzten jokaerak aztertzeko Gazteek homosexualitatearen aurrean dituzten jokabideak ikerketa ere egiten dute. Atzoko agerraldian 2010-2011 ikasturteko emaitzak aurkeztu zituzten. Guztira hiriko DBHko ikastetxeetako 609 nerabek –327 mutil eta 282 neska– parte hartu dute.
Ikastetxea, “gune erasokorra”
Aipatu egitasmoaz arduratzen den Jesus Estonbak emaitza nagusiak gainbegiratu zituen, hiru multzotan banatuta: LGTB pertsonen ikusgarritasuna, onarpen maila, eta inguruaren erantzuna. Lehenengo atalari dagokionez, azken urteko bilakaera “pozgarria” dela uste du. “LGTB den norbaitekin harremanik ez dutenen kopurua murriztu egin da. Nahiz eta aldea dagoen gayren bat ala lesbianaren bat ezagutzen dutenen kopuruen artean”. Epe berean, ordea, bisexual eta transexualen ezezagutza areagotu egin da.
Aurreko ikerketetan bezala, onarpenari dagokionez, bi aldagairen arabera emaitzak aldatu egiten dira. Batetik, inkesta erantzuten duena neska ala mutila den; eta bestetik, gay ala lesbiana bati buruz galdetzen zaion. Oro har, neskek jarrera irekiagoa dute mutilek baino; eta hauek, gayekiko ezkorragoak dira. Hala ere, bisexual eta transexualena da egoera zailena, %48ak ez baititu onartzen. Estonbak beste datu kezkagarri bat nabarmendu zuen: %25ek ez dituzte LGTBen adierazpen afektiboan normaltzat jotzen.
Azkenik, ingurukoen erantzunari buruzko galderetan, ikuspegi teoriko eta pertsonalen artean alde handia dago. Hau da, LGTBak gizartean, familian… onartuak direla uste arren, norberari dagokionean, hala izateko konfiantza maila murriztu egiten da. Ikerketa gauzatu dutenen ustez honek agerian uzten du “teoria, politikoki zuzena dena ikasi dute, baina ez dute barneratu”.
Ikerketa gauzatzen daramaten urteetan gizarteak aurrera egin badu ere, eskoletan jarrera berdina mantendu dute. %70ak “gune erasokorra” dela dio. Nerabeen sozializatzeko gune nagusia izanik, hori aurre egitea ezinbestekotzat jo du ikerketan parte hartu duen Javier Ormazabalek. Horretarako aniztasun afektibo-sexuala “sistematikoki, curriculumean barneratuta eta haur hezkuntzatik” landu behar da. Erasoei dagokionez, hauek jasan dituztenen kopurua murriztu egin da; baina paradoxikoki, erasoa gauzatu edo lekuko direnen kopurua hazi egin da. Ormazabalek azaldu duenez, “hainbat jarrera horren barneratuta ditugu, ez ditugula eraso gisa ikusten. Ez egileak, ezta jasotzen duenak ere. Iraina, iseka edo zurrumurruak jasatean, batzuk ez dira erasotuak sentitzen”.