Javi Salgado: "Oso harro nago campus honetan parte hartzeaz"
Donostiako saskibaloi ekimenean parte hartzeko aukera dute
6 eta 16 urte arteko haurrek, ekainean
Javi Salgado Campusa
Bosgarren urtez jarraian, haurrentzako saskibaloi campusa antolatu du Sport Events enpresak, Donostian. Aurreko urteetakoekin alderatuz, ordea, aldaketa nabarmena izango da. Izan ere, orain arte Pablo Prigioni Campusa izan dena, Javi Salgado Campusa bihurtu da. Aurkezpen prentsaurrekoa egin zuten atzo; eta bertan izan ziren Aitor Uriondo, saskibaloi entrenatzaile donostiarra eta campusaren arduraduna, eta Javi Salgado, Lagun Aro GBCko jokalaria bera. «Prigioni, egun Baskoniako jokalaria Olinpiar Jokoetara joango da. Beraz, beste zenbait campusetan egonden moduan, Javi Salgado izango dugu gurekin Donostian ere», azaldu zuen Uriondok. Gainera, argi utzi zuen Uriondok, haurrentzako eredu izatea nahi duten jokalari horietako bat dela Salgado. «Bultzatu nahi ditugun baloreak ordezkatzen ditu pertsona eta jokalari moduan. Saskibaloiarekin eta talde kirolarekin lotura duten baloreak dira. Helburua eskoletako eta saskibaloi elkarteetako haurrak mugiaraztea eta dinamizatzea da, udako data horietan zerbait ikasi dezaketelakoan», gehitu zuen.
Gainera, Jose Angel Samaniego entrenatzaile donostiarraren bisita ere jasoko dute haurrek. Egun, Badalonako entrenatzaile laguntzailea da Samaniego, eta teknifikazio saio batzuk eskainiko dizkie hala nahi duten haurrei. «Saskibaloiarekin lotura estua duten hainbat adituk euren jakinduria eskainiko dute», aipatu zuen Uriondok.
Salgadorentzat ez da lehen aldia izango halako ekimen batean, lehenago ere antzekoetan ibilia baita, ez ordea Donostian. «Oso harro nago campus honetan parte hartzeaz. Haurrekin harremanetan egotea zoragarria da, sinadura huts batek sekulako poza ematen die», adierazi zuen Salgadok. Gainera, jokalariaren ustez, haurrentzat ere aukera polita da ekimen desberdin batean parte hartzeko. «Entrenamendu pixka bat gogorragoak jasoko dituzte, eta saskibaloiaren aitzakiarekin beste jarduera batzuk egiteko aukera izango dute. Haurra nintzanean ez nuen halako campus batean parte hartzeko aukerarik izan, eta ziur izugarri gustuko izango nuela», gehitu zuen Salgadok.
Haurrekin jokatuko du
Campusari izena emateaz gain, haurrekin ere izango da Salgado egunen batean. «Talde bakoitzarekin tartetxo bat igaroko dut. Beraiekin hitz egingo dut, eta elkarrekin saskibaloian jokatuko dugu; nire ustez hori baita gehien gogoko dutena. Egun pare batetan igaroko naizela pentsatzen dut». Gainera, pozik kontatu zuen Salgadok orain arte izan duen esperientzian bizitakoa. «Haurrek ez dute lotsarik izaten eta denetik galdetzeko gai dira, ea neskalaguna dudan ere».
Argi dago denboraldi bikaina osatu duela Lagun Aro GBCk aurtengoan. Horrek ere ziur eragina izan duela, haurren artean taldea ezagunagoa egiteko orduan. «Realak eta Lagun Arok Gipuzkoak ez dut uste arazorik dutenik elkarbizitzeko. Ez zait iruditzen batek behera egin behar duenik besteak gora egiteko. Egin dugun denboraldiak zale askok taldearekin guztiz bat egiteko balio izan du. Oso ongi jokatzeko gai izan gara, eta horrek proiektua geroz eta sendoagoa izaten laguntzea espero dut».
Campuserako izen ematea zabalik dago, eta ekainaren 5a baino lehen egiteko dutenek, bizkar zorro bat jasoko dute opari.
- Norentzat. 6-16 urte arteko haur eta gaztetxoentzat.
- Noiz. Ekainaren 25etik 29ra; 09:00etatik 18:00etara. 08:00etan haurrak uzteko aukera dago, eta 19:00ak arte gera daitezke (+10 euro). Helduenek teknifikazio saioak egiteko aukera izango dute, 18:00etatik 20:00etara (+50 euro).
- Non. Antiguako Ekintza ikastolan.
- Prezioa. 180 euro.
- Kirol azpiegiturak. Zazpi kantxa estali eta 5 estali gabeak.
- Garraioa. Autobus zerbitzua egongo da hiru ibilbiderekin: Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lasarte; Hendaia, Irun, Oairtzun, Errenteria-Orereta; Azpeitia, Zarautz.
- Informazio gehiagorako. javisalgado@sportevents.es posta elektronikora idatzita, edo 691-44 69 09 eta 691-44 69 10 telefonoetara deituta.