Eskolan ikasi, eta erromerian erakutsi
Aitor Ikastolako zuzendari Axun Azurzak dioenez, hainbat alorretan lagungarri da euskal dantzak bosgarren eta seigarren mailetako ikasleei erakustea. «Guk nahi genuena da erromerietan dantza egiteko gai izatea, eta batez ere, mutilek». Hauei gehiago kostatzen zaie eskolaz kanpoko ekintzetan dantza aukeratzea. Arrazoiak gehiago azaldu ditu. «Ez bakarrik gure kultura delako, horregatik ere, noski; baina dantzak onura asko dituelako autoestimurako, harremanetarako…».
Musika orduetan txertatutako berrikuntza gustura hartu dute lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako haurrek, hau da, 10 eta 12 urte artekoek. «Oso giro ona sortzen da eta ikasle, nolabait esateagatik, zailenak ere oso ondo sartu dira». Horren proba da, jardun honen ordua baino lehen, guztiak bere kabuz ilaran jartzen zirela psikomotrizitate gelara jaisteko. «Oso ondo pasatu dute beraien artean, eta horixe bera zen nahi genuena».
Helburu anitz izanik ere, nabarmenena haurrak dantza egiten ikastea izan da. «Erromeria dantzak izan dira, zazpi jauzi, fandangoa; baina, baita irlandar moduko batzuk, bikoteka dantza egiteko, polka tankerakoak». Aurtengoa proba modukoa izan bada ere, Azurzak argi du datozen urteetako ikasketa planetan txertatuta geldituko dela ekimena.
Dantza, ordea, zerbait publikoa ere bada, eta alderdi hori ere probatuko dute ikasleek. Hain zuzen, larunbatean egingo dute ikasturte bukaerako jaia, eta azken hiru hilabetetan ikasitakoa erakusteko aukera izango dute haurrek, Amalur taldearen erromerian.