Nork bere konposta sortzeko egitasmoa abian jarriko du udalak udazkenean
Tokiko 21 Agendak «murriztea eta berrerabiltzea» ditu, Axier Jakaren esanetan, lan ildo nagusi
«Amalurrari ahalik eta kalterik txikiena» egitea ez ezik, «pertsona eta naturaren arteko harreman arduratsua sustatzea» da, Axier Jaka Ingurumen zinegotziaren hitzetan, Udaleko Ingurumen Sailaren erronka. Honela, herritarrek sortzen duten zaborrarekiko ardura handiago izan dezaten, norbere hondakin organikoekin konposta sortzeko proiektu bat garatuko dute udazkenean.
Ingurumen Sailak ondorengo urteetan finkatu nahi dituen neurriak jasotzen ditu Donostiako Udaleko Tokiko 21 Agendak eta konposta egiteko proiektuarekin batera, baratze publikoak sustatzeko beste ekimen bat du Ingurumen Sailak esku artean. Denera, 250-300 soro txiki sortzeko asmoa dute; oraindik, ordea, egitasmoa osatzen ari dira. Datorren urtean jarri nahi dute proiektua abian.
Konpostgintza egitasmoa lehenago abiaraziko dute. Udazkenean ekingo liokete proiektuari eta, hastapenetan, 80 familik hartuko lukete parte. Datorren urtean, berriz, beste 80k egingo lukete bat. Norberak sortutako hondakin organikoekin konposta egiteak orain arte hondakinak murrizteko eman diren pausoak handituko dituela zehaztu du Ingurumen zinegotziak. Azken batean, «Europako zuzentarauek murriztea eta berrerabiltzea lehenesten dute eta Tokiko 21 Agendak bi lan ildo nagusi horiek ditu jomuga», adierazi du.
Honenbestez, 160 famili izango dira datorren urtetik aurrera hondakinak sortu eta konposta berrerabili artean ziklo osoaren jarraipena egingo dutenak. Proiektua hiriko hamar eremutan garatuko dute: Martutenen, Egian, Igeldon, Zubietan, Antiguan, Añorga Txikin, Loiolako Erriberan, Aieten, Grosen eta Amaran. Aurten, bost gunetan hedatuko da ekimena eta datorren urtean beste bostetan. Gune bakoitzean 700 litroko bi konpostagailu eta 400 litroko beste izango dituzte. Egun zabor organikoa biltzeko Amaran eta Grosen ezarrita dagoen sistemarekin ez bezala, herritarrak izango dira, konpostgintza proiektuaren bidez, hondakinak kudeatzeaz arduratuko direnak.
Baratze publikoak sustatzeko, berriz, norbere kontsumorako barazki eta fruituak hazteko eremuak sortuko dituzte. Soro bakoitzak 40-50 metro koadro artean izango du eta hiriko zein eremutan jarriko dituzten zehaztu ez duten arren, gune bakoitzak dutxak, komunak, armairutxoak eta nekazaritza lanabesentzako biltegia izango ditu.
Nekazaritza ekologikoa sustatzearekin batera, Tokiko 21 Agendak natura balioak indartu eta biodibertsitate eta paisaia babestu nahi ditu. Biodibertsitatea bermatzeko, hala nola, espezie inbaditzaileen kontra borrokan ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, hainbat programa garatu dituzte. Dena den, erakunde publikoez gain, elkarte eta gizarte eragileak –Eguzki talde ekologista, kasu– espezie horiek deusezteko lan saioak egin dituzte.
Udaletxean egiten diren erosketetan ingurumenaren aldeko irizpideak ezartzea edota hondakinak murrizteko pixohial berreralbilgarriak erabiltzeko garatutako proiektua dira udaleko Ingurumen Sailak indarrean jarritako neurrietako batzuk.
Neurri horiek guztiak jasotzen dituen Tokiko 21 Agenda saritu berri dute, gainera. Agendak duen kalitateagatik zilarrezko Tak21 saria eman diote Donostiako Udalari. Sariak egiten ari diren lana indartzen duela nabarmendu du Axier Jakak.