Etxadi kiroldegiko egoerari irtenbidea bilatzeko eskatu du PPk
PPko ordezkariek eta kaleratu dituzten langileek baieztatu dutenez, kloro maila ez neurtzearen ondorioz, Etxadi kiroldegiko igerilekuak itxi dituzte. Egoera «kaotikoa» dela esan du Ramon Gomez PPko udal bozeramaileak eta «lehenbailehen» irtenbide bat bilatzeko eskatu dio udal gobernuari.
Egoera, gainera, are gehiago korapila daitekeela zehaztu du udal bozeramaileak, ekainaren 15ean ireki beharko lituzketelako Etxadi kiroldegi kanpoaldeko igerilekuak. «Hustu egin behar da, garbitu eta berriz bete», dio. Hori guztia egin arte, kanpoko igerilekuak uztaila hasiera arte egon daitezkeela ireki gabe zehaztu du. Ordurako Paco Yoldiko kiroldegia itxita egongo dela erantsi du.
Bertan behera geratu diren ikastaroekin zer geratuko den galdetu du, halaber.