Seminarioko mamuak esnatuko dituzte
«Seminarioan egingo den lehen kontzertua izango da gurea. Larramendi ikastetxeko haurrek ikasturte amaierako ikuskizuna egin ohi dute bertan, baina kontzerturik ez da inoiz egin», azaldu du Berriok. Eraikin erraldoiaren barruan antzoki «zoragarria» dagoela esan du: «dekadente samarra da ez delako ia erabiltzen, baina ikusgarria da. Gure ikuskizunak eta espazioak bat egingo dute. Jendea zur eta lur geratuko da».
Bere diskoetan ahotsak egiten dituen Virginia Pina abeslariari esker ezagutu zuen Berriok antzokia: «Virginiak bertan lan egiten du. Horrela deskubritu nuen. 1971 diskoko Simulacro kantaren bideo kliparen zati bat han grabatu genuen». Homeless Music Festival jaialdiaren lemari erabateko fideltasuna erakutsi diote bi artistek: Kontzertu bereziak ezohiko lekuetan. Izan ere, Phantasma ez da kontzertu bat: «Perfopoesia da. Arte eszenikoa da, performance bat da, ikus-entzunezko bat da. Instalazio bat ere bada. Bizirik dagoen instalazio bat».
Berriok aspalditik zuen performance bat egiteko gogoa: «Izugarri gustatzen zait Maitek egiten duena. Musika horrelako erraztasunez jotzeko gai da, etorria dauka. Asko gustatzen zait abestiekin jolasteko duen modua. Bera egokia zela pentsatu nuen. Niri berak egiten zuena gustatzen zitzaidan, eta berari nik egiten nuena, beraz banekien ez genuela arazorik izango».
Hutsetik sortutako ikuskizuna Zortzi hilabetez aritu dira lanean: «Astean behin entsegu bat egiten genuen. Aurretik ezer idatzi gabe hasi ginen lanean. Eseri, eta Maite loopak egiten hasten zen. Nik banituen hitzen zirriborro batzuk; errezitatzen hasten nintzen, gitarra jotzen… Phantasma hutsetik sortutako zerbait izan da».
Berriok Mursegoren eskuzabaltasuna azpimarratu du: «Bere talentu guztia musikaren zerbitzura jartzen du. Koro bat egiten du; melodika bat hartzen du; txirula bat; biolontxelo bat; piano bat; harmonium bat… Nabarmena da jaiotzez musikaria dela. Elkarrekin barre asko egiten dugu. Emakume zoragarria da».
Loop station makina Guztira hamalau pieza sortu dituzte. Hitzak Berriok idatzi ditu: «Loop station-arekin Maitek linea melodikoak proposatu ditu». Hain zuzen, Loop station-ean dago Phantasma ikuskizunaren gakoetako bat, alegoria bat da: «Makina hori erabili dugu ikuskizuna sortzeko. Agian musika munduan lan egiten ez dutenentzako arrotza da, eta kosta egiten zaie makina hori imaginatzea. Horren bidez patroi musikalak sortzen dira, eta horiek etengabe erreproduzitzen dira. Esaldi musikalak sortzen ditu etengabe. Patroi horiek behin jotzen dira eta infinitora arte errepikatzen dira. Sonu hori birtuala da jada, ez du inork jotzen. Grabatuta dago makina batean, deabruzko makina batean. Soinu birtual horrek mamu baten irudia ekarri digu gogora. Existitzen den, baina existitzen ez den zerbait da. Errealitatea eta dirudien errealitatearen inguruko gogoeta da finean. Zer da ez den hori?»
Mursegok biolontxeloa, melodika eta harmoniuma joko ditu. Errezitatu eta kantatu ere egingo du. Berriok kanta bakarra abestuko du. Beste hitz guztiak errezitatu egingo ditu.
Existentzialismoaren inguruan Hiru edo lau pieza euskaraz egingo dituzte; beste guztiak, gaztelaniaz. Harkaitz Canoren hitzak dira euskarazkoak: «Ikuskizun honetarako idatzi zituen. Ederrak dira. Existentzialismoari buruzko testuak dira. Maitek errezitatzen ditu horiek. Victor Iriarteren testu bat ere errezitatuko du. Guztia oso solemnea izango da. Etxeko marka da, Halere, finean komedia bufa bat da. Baina oso serioa eta solemnea aldi berean».
Hitza, musika, eta ikus-entzunezkoak ere izango dira ikuskizunean: «Garrantzia handia dute. Angel Aldarondok irudi batzuk filmatu zituen Guardetxean. Irudi horiek editatu egin dituzte Mapping teknikan espezialistak diren bi aditu. 3D formatuarekin antza du teknika honek. Magia dirudi. Proiektore bakarrarekin lau plano desberdinetan proiektatzen du, inolako distortsiorik gabe. Emaitza ikusgarria da. Oso gordina eta oso eraginkorra»
Ikus-entzunezko horietan bi artisten dobleak ikusiko direla dio Berriok: «Ni pertsonaia gisa asko agertzen naiz hitzetan. Pertsonaia tremendista gisa. Performance umoretsua da. Groteskoa eta existentzialista».
Proiektu berezia da Berriorentzat: «Asko gustatzen zait proiektu hau. Oso eroso sentitzen naiz gainera. Ez dut kantatu behar, eta niretzat kantatzea esfortzu handia da. Errezitatzea, ordea, oso boteretsua da. Konturatu naiz poesia errezitatuz oso ekimen indartsua egin daitekeela. Errezitatutako hitzaren plastizitateak duen indarra izugarria da. Oso ikusgarria da, baina oso sinplea da era berean».
Donostian estreinatuko dute. Baina udazkenean bira egingo dute: «Asko kostatu zaigu hau egitea. Aurre estreinaldi modukoa izango da gaurkoa, gero irailean berriz ere berreskuratuko dugu». Homeless Music Festival jaialdia. Bihar, 20:00etan, Antiguako Seminarioan. Sarrera: 12 euro.