"Ekainaren 23an gure joko zelaia zabaltzera goaz"
Euskal Herriko emakumeen selekzioari babesa eman diote hainbat ezagunek, manifestu baten bidez
Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak lagunarteko partida bat jokatuko du aurten, historian lehen aldiz. Ekainaren 23an izango da lehia, 16:30ean, eta Eslovakia izango da aurkaria. Donostiak gainera partida berezi hori jasotzearen zortea izango du, Anoetan jokatuko baitute. Dagoneko euskal gizartearen babesa jasotzen ari da ekimena, eta atzo bertan, ekimen berezia egin zuten Anoetan. Kirol, kultur eta euskalgintzako hainbat lagunek bat egin zuten, partidari babesa emateko. Han izan ziren, besteak beste, Bittor Alkiza futbolari ohia eta Realeko harrobiko taldeen arduraduna, Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria, eta Jon Apezetxea pilotaria. Horiek guztiekin batera, Esti Aizpurua eta Aintzane Encinas izan ziren, biak Realeko eta, aldi berean, euskal selekzioko jokalariak. Aizpuruak Jon Maia bertsolariak idatzitako Hamaika gara manifestua irakurri zuen. «Ekainaren 23an gure joko zelaia zabaltzera goaz. Gure hizkuntza hesirik gabeko eremua dela erakutsiko dugu, gure herria mugarik gabea nahi dugula. Jolastu, jokatu, jauzi, korri egingo dugu edozeinek bezala, gure hizkuntzan», irakurri zuen Aizpuruak.
Azken batean, Euskal Herriaren eta euskararen alde batuko direla dio manifestuak. «Egun horretan harmailak betetzen ditugun neurrian irabaziko dugu», jarraitu zuen Aizpuruak. Etorkizunari ere begiratzen diote. «Gure hizkuntzaren geroa eta gure selekzioen onarpena dago jokoan eta ekainaren 23an, Anoetan etorkizuna irabaztera aterako gara beste behin ere. Denok batera, hamaika, milaka, euskaraz!».
Agerraldia bukatzean, Aizpurua eta Encinas jokalariekin hitz egiteko aukera izan zuen Irutxuloko Hitzak. «Azkenean, ohore bat da halako oiartzuna izaten ari den zerbaitetan parte hartzea; gainera, Euskal Herriko elastikoa jantzita. Gogoa dugu eguna iristeko, eta Anoetan sortuko den giroa bizitzeko», aipatu zuen Aizpuruak. Normalean euren aurkariak izaten direnak, oraingoan taldekideak izateak ere ez ditu batere beldurtzen jokalariak. «Gainontzeko taldeetan lagunak ditugu, eta azken finean, partida honek elkartu egingo gaitu. Eslovakia munduko sailkapeneko 36. postuan dago, ea gainditzen ditugun», esan zuen Encinasek. Oraindik argitzeko dagoena, jarraitzaileek estadioa beteko duten jakitea da. «Ez dakigu Anoeta beteko den, baina ahalik eta jende gehien etortzea espero dugu. Egun osoan euskal giroa egongo da, eta egun polita izango da», esan zuen Aizpuruak.
Sarrerak, 10 eurotan
Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi dira euskal selekzioaren hautatzaileak, eta 24 jokalari deitu dituzte, horietatik zazpi dira Realekoak: Atezainak; Ainhoa Tirapu, Maria Goñi; Atzelariak; Irene Paredes, Leire Landa, Laura Gomez, Esti Aizpurua, Ane Bergara; Erdilariak; Elisabeth Ibarra, Iraia Iturregi, Amaia Olabarrieta, Arrate Orueta, Marta Unzue, Vanesa Gimbert, Aintzane Encinas, Ainara Herrero, Maite Lizaso, Larraitz Lucas; Aurrelariak; Nekane Diez Tapia, Gurutze Fernandez, Irune Murua, Maialen Zelaia, Eunate Arraiza; Gonbidatuak; Amaia Prebende eta Maite Etxarren.
Sarrerak 10 eurotan daude salgai hamaikagara.com eta barrabarra.eu webguneetan, baita Donostiako Erniope tabernan eta Aratz erretegian ere.
‘Hamaika gara’ manifestuari atxikimendua eman diotenak:
- Kirola. -Juan Mari Etxabe. -Ibon Urbieta. -Naroa Agirre. – Mikel Odriozola. -Angela Vilariño. -Andres Vilariño. -Ander Vilariño -Iban Estebez. -Oskar Astarloa. -Iñaki Laskurain. -Irati Anda -Javier Exposito. -Mikel Labaka. -Manix Mandiola. -Bittor Alkiza. -Ritxi Mendiguren. -Mikel Aranburu. -Tiko Martinez. -Iker Sarriegi. -Iñaki Azurmendi. -Altzo. -Iñaki Perurena. -Asier Olaizola. -Abel Barriola. -Kepa Peñagarikano. -Patxi Zeberio. -Leire Olabarria. -Eneritz Iturriaga. -Mikel Astarloza. -Haimar Zubeldia. -Txomin Perurena.
- Kultura eta euskalgintza. -Jon Maia. -Maialen Lujanbio. -Julio Soto. -Angel Mari Peñagarikano. -Martxelo Otamendi. -Ainara Lasa. -Lore Erriondo. -Oskar Elizburu. -Igone Lamarain. -Joxe Mari Auzmendi. -Anjel Alkain. -Pello Zabala. -Ana Urkiza. -Dabid Anaut.