Jose Luis Ansorenak Manuel Lekuona Saria jasoko du gaur Aldundian
Eusko Ikaskuntzak Parte Zaharreko musikariaren ibilbidea sarituko du, ekitaldi berezi batean
Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa sortzea izan da lorpenik handiena Jose Luis Ansorenarentzat (Parte Zaharra, 1928). Horretaz gain, ordea, musikaren arloan hainbat lan egin ditu, musika konposatuz, abesbatzak zuzenduz edota hainbat ikerketa lan argitaratuz. Egindako ekarpen mardula dela-eta, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jasoko du Ansorenak gaur, 18:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzako Tronu Aretoan. Andra Mari abesbatzak parte hartuko du ekitaldian. Hain zuzen ere, Ansorena berak Errenteria-Oreretan sortu zuen Andra Mari abesbatza, parrokiaren bidez. Jose Inazio Ansorena ere ekitaldian izango da, omenduaren iloba.
Kaputxinoetako apaiza
Musikan egindako ibilbide oparoaz gain, apaiza ere bada Ansorena. Donostiako Kaputxinoen elizako parrokoa da, eta organoa ere jotzen du. Duela gutxi Irutxuloko Hitzari emandako elkarrizketa batean, hala zioen Ansorenak: «Nire aita txistularia zenez, nik bide beretik jarraitzea espero zuen, baina fraide sartuko nintze- la esan nionean… bera oso erlijio- soa zen, baina sekulako tristura eman zion. Hala ere, nire lehen mezaren egunean oso harro zego- en».