Altzako Historia Mintegiaren eskutik hasiko dira sanmartzialak ofizialki
Kultura erakundeak 25 urtetan egindako lana nabarmendu eta omendu nahi izan dute jaien arduradunek
San Martzial, Altzako jaietako egun handia, bihar izango bada ere, gaur botako dute Altzako Historia Mintegiko kideek festen hasiera markatuko duen txupinazoa. Astelehenean ospatuko den Santa Ixabel egunean bukatuko dira egitarauko ekimenak.
Altzako kaskoak ohi baino mugimendu gehiago izango du egunotan. Izan ere, San Martzialen omenezko jaiek jendez betetzen baitute ingurua. Festekin zerikusia duten ekimenak duela astebete hasi ziren, baina hasiera ofiziala gaur bertan izango da. Bat gutxi izan eta, hiru ekimen prestatu dituzte festen hasiera markatzeko: txupinazoa, banderaren jasotzea eta pregoiaren irakurtzea. Hirurak gaur bertan egingo dituzte Altzako udaletxean, 19:30ean. Festak antolatzen dituen Altzatarrak elkarteko kideek protagonista ezin hobea bilatu dute ekitaldi honetarako: Altzako Historia Mintegia.
Altzaren historia berreskuratzeaz ardura hartu duen elkarteak 25 urte beteko ditu aurten; hori dela eta, sanmartzialetako arduradunek mintegiko kideei eman diete festak hastearen ohorea.
Juantxo Koka, frontoian
Bihar, egun handian alegia, goizean goizetik hasiko dira festa ekitaldiak. 08:00etan hasiko den dianak altzatarrak esnatuko ditu 10:30ean hasiko diren pilota partidetara garaiz irits daitezen. Hiru norgehiagoka ikusi ahal izango dira Altzako frontoian.
Haurren eta gazteen binakakoen ondoren, jaietako partida izarra iritsiko da. Bertan Eugi eta Escudero nor baino nor artituko dira etxean jokatuko duen Juantxo Kokaren eta Mikel Goñiren aurka.
Eguna bukaerara iritsi baino lehen, besteak beste, haur antzerkia, txokolate jatea eta rock kontzertua ere izango dira.
Igandean ere ekitaldi zerrenda luzea izango da, baina ezin aipatu gabe utzi, eguneko lehen hitzordua. 10:00etan hasiko da udal bolatokian XXVII. San Martzial Bola Txapelketa.
Bertsoak eta idiak izango dira, berriz, asteleheneko protagonistak. Jaiak itxiko dituen egunean Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak jardungo dira goiz eta arratsaldeko idi dema txanden artean.
Programa osoa ikusteko, egin klik hemen eta jaitsi.