Pantailaren ibilbidea eta eragina aztertu dituzte
San Telmo Museoan ‘Pantaila Globala’ erakusketa irekiko dute bihar, irailaren 30a bitartean
Erakusketa
Pantaila Globala izeneko erakusketa jasoko du San Telmo Museoak bihartik irailaren 30era. Finean, hiru komisarioren, Bartzelonako zentro garaikidearen, eta museoaren lankidetzari esker sortu dute erakusketa; eta pantailaren historia jaso dute bertan. Zazpi ataletan banatu dute erakusketa gunea, baina berezitasun argi bat du, lankidetza. Izan ere, erakusketaren oinarriaz gain, hainbat herrialdeetako 270 lagunek bidalitako bideoak ikus daitezke, pantaila ukigarrietan. Erakusketa Bartzelonan egon da erakusgai orain arte, eta Donostiatik igaro ostean, leku gehiagotara bidaiatuko du, Mexikora, Kolonbiara eta Serbiara, besteak beste.
Gilles Lipovetskyren eta Jean Serroyren Pantaila Globala izeneko liburuan oinarritua dago erakusketa. Azken batean, pantailaren botere alderdi guztiak azaleratu nahi izan dituzte: sedukzioa, ikuskizuna, ereduen sorkuntza, informazioa, elkarreragina, zaintza… Hala, honako zazpi ataletan banatu dute: Izarren inperioa, Historia pantaila, Politika pantaila, Kirol pantaila, Publizitate pantaila, Gehiegitasun pantaila, Zaintza pantaila eta Joko pantaila. Pantailaren sorreratik hasi eta egungo garaietara arteko alderdi guztiak landu dituzte, pantailak gizartean beran izan duen eta duen eragina aztertuz.
Zinema eta telebista pantailetatik abiatzen da ibilbidea, eta jolaserako erabiltzen diren pantailekin amaitzen da. Nola ez, tamaina askotako pantailek osatzen dute erakusketa, eta azken atalera iritsi arte, iluntasuna da nagusi. «Ez da pantailaren inguruko erakusketa tekniko bat, pantailaren aldaketa erakutsi nahi dugu, gure bizitzetan sortu duen aldaketa eta gure begiratzeko modua ere aldatu duela azaleratuz», aipatu zuen aurkezpenean Lipovetskyk.
Erakusketa birtuala
San Telmon ireki berri duten erakusketa fisikoaz gain, proiektuak dimentsio birtuala ere badu. Izan ere, webgune bat du, pantallaglobal.cccb.org. Bertan, erakusketaren inguruko informazioa kontsultatzeaz gain, erakusketan barrena bisita birtuala egin daiteke. Gainera, erakusketa bideo gehiagorekin hornitu nahi dute, partaidetza bultzatzeko asmoz. Webgunean, erakusketaren atal bakoitzaren inguruko informazioa topa daiteke, eta interesa duenak atal baten inguruko bideoa egin dezake, erakusketa osatzeko. Hori bai, gehienez bi minutuko bideoak izan beharko dira.
- Zer. Pantaila Globala; Mundua pantaila bihurtu eta pantaila mundu izeneko erakusketa, pantailaren historia biltzen du, zazpi ataletan.
- Non. San Telmo Museoan.
- Noiz. Bihartik irailaren 30a bitartean; asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.
- Erakusketaren jatorrizko ideia. Gilles Lipovetsky eta Jean Serroy.