Bisitari kopuruak %60 egin du gora ekainean
Josu Ruiz Turismo zinegotzia hasi berri den udari begira baikor azaldu da, turismoari dagokionez, bisitariek aurten hutsik egingo ez dutela uste baitu. Aurreikuspen horiek ekaineko datuak aintzat hartuta egin ditu zinegotziak. Izan ere, iazko ekainarekin alderatuta, %60 egin du Bulebarrareko turismo bulegora hurbildu direnen bisitari kopuruak gora. 2011n, 15.609 bisitari zenbatu zituzten; aurten, berriz, 25.245 izan dira.
Uda Donostian igaro nahi dutenek, gainera, Musika Hamabostaldira joateko eskaintza berezia izango dute. Musika Hamabostaldiko kontzertuetara joateko irtenaldiak antolatu baitituzte Donostia Turismo eta Musika Hamabostaldia elkarlanean. Interneten sarrerak eta hotelak bilatzen zoratu nahi ez dutenek Sansebastianreservas.com atarian murgil daitezke zuzenean eta bertan eskaintzen dituzten irteeretako bat aukeratu. Bi gauetarako ostatua, aukeratutako kontzertu baterako sarrerak eta hiria ezagutzeko bisita gidatua jasoko ditu bisitariak irteera horietako bat erosterakoan.
Ekimenean hiriko zazpi hotelek parte hartu dute eta Musika Hamabostaldiak lau kontzertu jarri ditu aukeran. Irteera merkeenak 154 euroren truke lor daitezke; garestienak, berriz, 384 eurotan.