Donostia Kirolak ez du aurreikusitako murrizketarik egingo
Aurrekontuan jasota ez zegoen diru sarrera batek irekita mantenduko ditu Intxaurrondoko eta Etxadiko kiroldegiak
EAJk duela aste pare bat ohartarazi bezala, Etxadi kiroldegiko kudeaketari aurre egin behar izateak (Tenis elkarteak utzi ondoren) eta Intxaurrondoko kiroldegiko (2011ko udan zabaldu zuten) urte osoko mantenuak Donostia Kirola patronatuko gastua handitu du. Udalak oraindik 2012ko aurrekonturik ez duenez, iazkoarekin ari da lanean eta aurrekontu horrek ez ditu Etxadiko eta Intxaurrondoko azpiegiturek aurten eragingo dituzten gastu gehigarriak aintzat hartzen. Egoera horri aurre egiteko, bada, hainbat murrizketa egitea proposatu zuen Donostia Kirolak. Hasiera batean, ez zituzten aurrera eramango aurrekontuan jasota ez zegoen diru sarrera bat onartu dutelako.
Diru sarrerarik ezean, Eskola Kirola ekimenetik 20.000 euro kentzea, kirol elkarteei ematen dizkieten laguntzetatik 40.000 euro murriztea eta mantenuan 164.000 euro aurreztea planteatu zuten, besteak beste. Asmo horiek, bada, bertan behera geratu dira oraingoz.
Hartutako erabaki horrek bi kiroldegiak itxi behar ez izateko «berebiziko garrantzia» duela nabarmendu du Josu Ruiz Kirol zinegotziak. «Ezin genuen horrelakorik onartu», zehaztu du Josu Ruizek.
Paco Yoldi kiroldegia
Anoeta Kiroldegiko Kontseiluak, bestalde, Paco Yoldi kiroldegiko burdinezko iragazkiak ordezkatzeko 59.785 euroko aurrekontua onartu du. Hain justu, Anoetako ekipamenduan egiten ari diren lanen ondorioz, kiroldegia itxita dago. Hori dela eta, gimnasioko erabiltzaileentzat belodromoan hainbat ariketa egiteko makinak jarri dituzte.