Salgadok Lagun Aron jarraituko du; Pankok eta Vidalek, ordea, ez
Bilboko jokalaria eta GBCko presidentea pozik agertu dira komunikabideen aurrean
Beste bi denboraldietarako kontratua sinatu du Javi Salgadok Lagun Aro GBCrekin. Komunikabideen aurrean hitz egin zuten jokalariak berak eta Alvaro Bilbaok, klubeko presidenteak, atzo goizean. «Guztiek zenekiten Donostian jarraitu nahi nuela. Hasieratik oso ongi jaso ninduten klubean, eta bi urte oso on igaro ditut. Gainera, kirol mailan, oso denboraldi ona osatu dugu», adierazi zuen pozik Salgadok. Bilbao harro agertu zen, eta bereziki, Raul Neto gazteari hazten laguntzeagatik eman zizkion eskerrak Salgadori. Jokalariekin lotutako beste bi albiste ere zabaldu dira dagoeneko; Andy Pankok eta Sergi Vidalek ez dutela Lagun Aron jarraituko.
Pankok GBC utziko zuela espero zen, baina ez Panathinaikosen jokatuko zuela. Denboraldi baterako kontratua sinatu du, beste urtebeterako luzatzeko aukerarekin. Hala, 34 urterekin, bere lehen Euroligan parte hartuko du. «Profesionaltasun mailan sekulako aztarna utzi du klubean. Badakit bere familia alde batetik triste dagoela Donostiatik joateagatik. Hala ere, bere adinarekin halako zerbait lortzea oso polita da», aipatu zuen Bilbaok.
Sergi Vidalek, berriz, Unicajan jokatuko du datozen bi denboraldietan; hala, jokalariak nahi zuen bezala, Euroliga jokatuko du. Malagako eta Donostiako taldea akordio batera heldu dira, eta trukean, sari ekonomikoa jaso du GBCk. «Gustura geratu gara lortutako akordioarekin. Guztiontzako ona izan da», adierazi zuen Bilbaok.
Bestetik, David Doblasek taldean jarraitzeko hitz egin duten arren, ofizialki lotzea falta dela jakinarazi zuen Bilbaok. Orain, taldea utzi duten bi jokalari garrantzitsuen hutsunea betetzeko lan egin beharko dute.