Bere helburu bakarra beti Lagun Aro entrenatzea izan dela dio Sito Alonsok
Illunben bi denboraldi gehiago egoteko akordioa sinatu du; lehen aldiz hitz egin du kontratua eten zuenetik
Sito Alonsori azalpenak emateko ordua iritsi zitzaion atzo goizean, Lagun Aro GBCko prentsa aretoan, eta gustura egin zuen. «Aspaldi ez genuen hitz egin, eta banuen gogoa. Errespetua oso garrantzitsua iruditzen zait, eta Gipuzkoa Basketi beti izan diot, diot, eta izango diot. Horregatik, denbora tarte honetan irakurtzen eta entzuten aritu naiz», izan ziren entrenatzailearen lehen hitzak. Klubarekin beste urtebetez lotzen zuen kontratua puskatu zuen Alonsok ekaina bukaeran, baina horretarako, 30.000 euroko kalte-ordainak ordaindu behar izan zituen. «Alperrak eta gezurtiak gorroto ditut. Sekula ez dut beste klub baten eskaintzarik izan, inor ere ez da nirekin zuzenean harremanetan jarri ni kontratatzeko. Nire helburu bakarra Lagun Aro entrenatzea izan da beti», argitu zuen Alonsok. Beraz, entrenatzailearen arabera, berriro ere kontratua sinatu arte igaro zen egun horietan Lagun Arok beste entrenatzaile bat kontratatu izan balu, bera «etxean» geratuko litzateke. Alvaro Bilbao presidenteak azaldu zuenez, azkenean, beste bi denboraldietarako kontratua sinatu dute; hau da, 2012-2013 eta 2013-2014 denboraldietarako. «Klub honetan hazi nahi dut, helburuak lortu nahi ditut, eta Europako lehen partida irabazi nahi dut», aipatu zuen entrenatzaileak.
Sito Alonsok ez du uste gertatutako guztiak bere irudia zikindu duenik. «Mundu honetan kontu handiz zaindu behar duzu egiten duzun guztia. Nik beste ezer eduki gabe hautsi nuen nire kontratua; ez nuen soldata hobea eskainiko zidan kontratu batengatik utzi, egonkortasuna bilatzen nuen. Zalantza asko zeuden klubean, zuzendaritza aldaketagatik, eta hemen aurretik sekula jokatu gabeko zerbaitegatik, play off-a, Kopa eta Europan jokatzeagatik. Hitz egiteko kontu asko zeuden», argitu nahi izan zuen entrenatzaileak. Aldi berean, klubak berriro ere bera kontratatu aurretik hartutako tartea eta izandako jarrera, egokiak iruditu zaizkiola adierazi zuen.
Iazkoa hobe daiteke
Dagoeneko datorren denboraldiko taldea osatzeko lanean ari direla aipatu du Alonsok: «Iazkoa gainditzea zaila da, baina ez ezinezkoa. Nire interesen berri emango dut, baina oinarri bat beharko dugu».
Andy Panko eta Sergi Vidal jokalariek taldea utzi dutela eta, betetzeko hutsune handia utzi dutela aipatu zuen. «Denboraldi bikaina osatu dute. Orain, beraiek gabe egin behar dugu aurrera. Jokalari hobeak lortu behar ditugu, edo urtean zehar beraien mailara irits daitezkeenak».
Hortik aurrera, Javi Salgado eta David Doblas taldean jarraitzekotan diren arren, Lorant eta Papamakariosen etorkizuna zein izango den oraindik ez dakite. Gainera, argi dago, taldea osatzerako garaian, kontuan izan beharko dutela, datorren denboraldian ACB Endesa Ligaz gain, Europako lehia ere jokatu behar dutela. «Asteazken batean irabazi dezakezu, eta asteburuan galdu; berriro ere asteazkenerako errekuperatu, eta asteburuan berriro galdu. Benetan garrantzia duena Liga da, Europan irabaztea oso zaila baita. Irabazteko jokatuko dugu, baina klubaren kirol eta ekonomia oinarria mantenduko duena Liga izango da, eta hori kontutan izan behar dugu», gehitu zuen Alonsok.
Kontuak kontu, GBCko presidenteak atzokoan gogoratu nahi izan zuen, Sito Alonso urteko entrenatzaile onena izan dela. «Sito zoriondu behar dugu guztien aurrean, gainontzeko entrenatzaileek urteko entrenatzaile onena bezala aukeratu dutelako. Ongi merezitako saria dela iruditzen zait».