BEZaren igoerak kultura eta aisia alorreko enpresak kaltetuko ditu
Irailarekin batera indarrean sartuko da joan den astean aurkeztutako BEZaren igoera. Horrek kontsumitzaileekin batera, aisia eta kultura zerbitzuak eskaintzen dituztenak bereziki kaltetuko ditu.
Espainiako Gobernuak joan den astean iragarri zuen BEZaren –Balio erantsiaren gaineko zerga– igoerak kezkatu ditu, besteak beste, hiriko aisia eta kultura enpresak. Izan ere, tasaren zabaltze honek, jarduera horietan eragin nabarmena izango baitu. Kasu gehienetan, %8tik %21era igoko dute.
Azken erabaki honekin kexu agertu da, esaterako, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea. Honek bat egin du Espainiako Dantzaleku, Diskoteka eta Festa aretoetako Federazioak ezagutarazitako idatziarekin. Hedabideetara bidalitako adierazpenean azaldu dutenez, “erabaki arrazoigabea eta bidegabea da”. Izan ere, sektore turistikoari ezarriko zaion BEZ murriztuko taldetik banatu, eta orokorrera pasako dira. Hau da, ostalaritza sektoreak orain arteko %8ko tasaren beharrean, %21ekoa izango du. “Sektorean gehiengoa diren enpresa txikiei eta ertainei erasoa da”, eta eguneko zerbitzuaren osagarria izanik ez dute horiekiko bereizketa ulertzen. “Nahiz eta ez gustatu, %10era igotzea ulertuko genuke, baina 13 puntu hazteak eta sektoreko gainontzeko enpresekiko 11 puntuko aldeak, ixtera eramango gaitu”, zehaztu dute. Erabakiak dantzaleku asko itxi edo langile kopurua murriztea ekarriko duela aurreikusi dute, “fakturazioak eta bezero kopurua ezinbestean jaitsiko baita”.
Donostiako zinema areto gehienak kudeatzen dituen SADE enpresako kudeatzaile Koro Odriozolak neurria «kolpe gogorra» dela aitortu du. “Egoera oso larria da, eta neurri honek aretoen ixtea ekarriko du. Kultura zigortzen ari dira. Eta Europako gainontzeko herrialdeekin alderatuta, bidegabea da; BEZ altuena Portugalek du, %13koa. Zentzurik ez du!”.
Zinema aretoen egungo egoera jada zaila da. Digitalera pasatzeko inbertsio handia egiteaz gain, ikusle galera etengabea izan da azken urteetan. Pirateriaren eta aldi bereko estreinaldiei aurre egin eta jendea aretoetara itzul dadin salneurriak jaitsi, txartel bereziak eskaini, opera emanaldiak egin, film klasikoen zikloak osatu… ari dira. “Ahalegina egiten ari zara, eta 0,60 edo euro bateko igoera ezartzen dizute. Horrek ikusle gutxiago ekarriko dizkizu, edo sarrerak murriztea”. Zinema areto enpresek sarrerak garestitu edo bere gain hartu beharko dute igoera. Batak zein besteak hainbat enpresa langileak kaleratzera edo aretoak ixtera bultzatuko dituela uste du Odriozolak. “Lehiatzeko borrokatzen duzu egunero, eta hau azken labankada da. Oso gogorra. Norberen buruari harriak botatzea da; pirateriarekin ez dute BEZa ezta elkarteen gaineko zerga ere bilduko”.
Energian eragin nabarmena
Zerbitzu eta ondasunak eskaintzen dituztenei bi aldiz eragingo die BEZaren gaineko erabakiak. Izan ere, enpresari izateaz gain, hauek ere kontsumitzaile baitira. Gipuzkoako Kontsumitzaileen Elkarteko Lola Alzagak azaldu duenez, neurri hauek kontsumoa murriztea ekarriko dute. Igoera guztiekin ados ez dagoela argitu, eta kaltegarriena energiarena izango dela uste du. “Gasaren eta argindarraren fakturan nabarituko dugu alde handiena. Ezinbestekoak izanik, horietan ezin dugu asko aurreztu” Hauei ere %21eko BEZa ezarriko zaie.
Argindarrari dagokionez, gainera, hilabete honetan bertan orduko kilowatt-aren prezioa ere gehitu egin dute. Ondorioz, batez besteko kontsumoa egiten duen herritarrak bost bat euroko aldea izango du bere fakturan. “Zenbat eta kontsumo gehiago, kalte handiagoa. Hala ere, BEZa denei igoko digute”.
Joan den astean ezagutarazitako neurria irailaren 1ean indarrean jarriko dute. BEZa kontsumo ondasun eta zerbitzu guztiei ezarri arren, hauek hiru multzotan banatzen ditu: orokorra, murriztua eta supermurriztua. Hauek %21, %10 eta %4ko tasa ezarriko diote salneurriei, hurrenez hurren.