Paul Egozkue: "Bai onerako bai txarrerako, beldurrak gugan eragin handia duela uste dut"
Paul Egozkue: Aktorea
‘Goenkale’ko Xabier pertsonaiari esker ezaguna egin zen Paul Egozkue Euskal Herrian; Marialuixaren semea izateari utzi zionetik, lanean jarraitu du, eta bere lehen film laburra osatzen ari da zuzendari gisa.
Madrilen, Siento miedo filmari azken ukituak ematen ari da Paul Egozkue (Parte Zaharra, 1970); irailean, Donostiako Zinemaldian aurkeztea baita bere asmoa. Iaz, bere ama hil zenez, abizena aldatu eta amarena jartzea erabaki zuen, ordura arteko Zubillagaren ordez. Idatzi eta zuzendu berri duen lehen filma ere, amaren omenez egin du. Bere berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Zure lehen film laburra osatzen ari zara, nolatan?
Betidanik oso gogoko izan dut idaztea, eta nire sentimendu txarrak kanporatu izan ditut. Iaz nire ama hil egin zen, eta horrek galdera asko sortu zizkidan. Siento miedo izeneko testu bat nuen gordeta, eta horrekin zerbait egitea erabaki nuen. Beldurrek pertsonengan duten eraginaren ingurukoa da; bai onerako bai txarrerako beldurrak gugan eragin handia duela uste dut. Bizi dugun egoerarekin, gainera, oso lotua dagoela uste dut. Jendea oso beldurtua dago. Hilabete eta erdiko lanaren emaitza da filma. Jose Luis Aramendi enpresari donostiarraren laguntzari esker lortu dut filma egiteko dirua. Luna Roca, Araceli Budia eta Lara Divildos aktoreekin lan egin dut, eta oso pozik nago lortutakoarekin. Orain, muntaketa lanak egiten ari naiz.
Zein da istorioa?
Maribel eta Angela dira filmeko pertsonaiak, ama-alabak. Ama aspalditik beldurtua dago eta bizitza latza dauka. Zahar egoitza batean lan egiten du eta arazoak ditu pilulekin eta alkoholarekin. Bere gizonarengandik banatua dago eta arazoak ditu alaberekin. Alabari, beldurrak aurrera egiten laguntzen dio, eta zerbait egiten saiatuko da.
Zein nahi duzu izatea Siento miedo-ren ibilbidea?
Aurtengo irailean, Donostiako Zinemaldian aurkeztu nahiko nuke filma. Euskal zinemari eskainitako tartean.
Urte asko daramatzazu aktore bezala, nola hasi zinen?
Hogei urte dira antzerkia ikasten hasi nintzenetik. 1990ean artea eta dekorazioa ikasten ari nintzen Zurriolan, eta hango irakasle batzuk esan zidaten zergatik ez nuen antzerkia ikasten, oso ipurterrea nintzelako. Gogoratu nintzen Jose Ramon Soroiz aktorea Parte Zaharrean bizi zela, eta berari eskatu nion aholkua. Errenteriako Ur taldera joateko esan zidan eta sekulako aurkikuntza izan zen niretzako. Tesa Andonegi izan zen nire lehen irakaslea, eta momentu horretan erabaki nuen antzerkian murgildu nahi nuela. Gero, Antzerti eskola sortu zuten Donostian, eta han izan nintzen beste urtebetez.
Eta nolatan iritsi zinen Goenkaleko Xabier izatera?
1993an Goenkaleko castinga egiten hasi ziren. Nire anaiak esan zidan curriculuma bidaltzeko, eta lauzpabost casting igaro ostean, Xabierren pretsonaia egiteko aukeratu ninduten. Aukera oso ona izan zen Goenkalekoa, eta niretzako aldaketa izugarria. Lehenago ez zen Euskal Herrian halako telesairik egin, eta Pausoka arriskatu egin zen. Esperientzia handiko aktoreak zeuden, Kontxu Odriozola edo Mikel Garmendia, eta iraupen gutxi izango zuela zioten. Hasiera oso gogorra izan zen eta gogoratzen naiz lehenengo bi asteetan ez nuela jai egunik izan. Gero, telebistan ematen hasi zirenean, Euskal Herri guztiak Goenkale ikusten zuen. Orduan, ezaguna izatearena ez zen erraza izan. Ikastaro izugarria izan zen eta hiru denboraldiren ostean, Madrilera joan nintzen ikasten jarraitzera. 2000. urtean berriro itzuli nintzen Goenkalera, eta beste hiru denboraldi egin nituen, Xabierren pertsonaia istripuz hiltzea erabaki zuten arte.
Goenkalen zinela beste zerbait egiteko aukera izan zenuen?
Bai, aukera izan nuen Daniel Kalparsororekin A ciegas filmean parte hartzeko, Loquilloren bideoklip batean ere parte hartu nuen, baita El comisario, Señor alcalde, Calle nueva… eta halako telesailetan.
Madrilen zer egin zenuen?
Filmetan eta telesailetan lan egin nuen. 1998an Nada en la nevera filmerako hautatu ninduten, eta polita izan zen, bigarren mailako aktore bezala nire lehen lana izan baitzen. 2000. urtean, Menos es Mas filma iritsi zen, eta Elena Tabernarekin Yoyes filmean ere parte hartu nuen.
Brandoren Txokoa ere sortu zenuen Grosen.
Bai, 2005ean pauso bat haratago ematea erabaki nuen. Alfonso Sastreren Cargamento de sueños lana aukeratu nuen, eta bakarrizketa baterako moldatu genuen. Asier Hernandez txikitatik nire bizilaguna izan zen, eta bera aktorea denez, laguntza eskatu nion. Donostian ez zegoen aktore gazteak trebatzeko lekurik eta horri begira Brandoren Txokoa sortu nuen. Bakarrizketa aurkeztu genuen eta 70 emanaldi inguru egin genituen. Kandido Uranga ere egon zen Henry Bengoa inventarium liburuaren egokitzapenarekin, Nafarroako antzerki talde bat ere… baina azkenean, urte eta erdiko esperientziaren ostean, diru arazoengatik itxi egin behar izan zuen Brandoren Txokoa. Egia esan, nahiko ezaguna egin zen, baina ez nik nahiko nuen bezainbeste.
Orduan Madrilera itzuli zinen?
Bai, ikasten jarraitu nuen Madrilen eta 2007an emaztearengandik banandu egin nintzenez, Madrilen geratzea erabaki nuen. Antzerkian lan gehiago egitea lortu nuen, eta orain nire bikotea dena ezagutu nuen, Sheila Beltran. Hiru testurekin antzezlan bat osatu zuen, Metamorfosis, eta lehen aldiz protagonista izan nintzen antzezlan batean. Ordutik, antzerkian jarraitu dugu.
Baduzu Euskal Herrira itzultzeko gogorik?
Beste film baterako gidoi bat idazten ari naiz, Euskal Herriaren egoeraren inguruan, eta hori Euskal Herrian errodatu nahiko nuke. Poderosamente da izenburua, eta ‘poder’ eta ‘mente’ hitzen arteko jolasa da. Momentuz, Madrilen, La boda de los burgeses antzezlana zuzentzen ari naiz, eta azaroan estreinatuko dugu. Euskal Herria asko botatzen dut faltan, eta abuztuan hara noa oporretara, nire alabekin egotera. Bi alabak txikitatik antzerkian ibili dira, eta txikiena ni baino hobea dator.