Zinemaldiaren hautaketa batzordearen independentzia defendatu du Rebordinosek
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria minduta agertu da azken aldian hainbat komunikabidetan argitaratutako informazioagatik, eta horien harira hitz egin du. Zinemaldiko hautaketa batzordea inork ez duela estutu ziurtatu du, eta inork ez diela esan zein film hautatu eta zein film baztertu behar duten.
Zehazki, euskal egoera politikoarekin lotura duten bi film atzera bota ditu Zinemaldiak, bost euskal presoren inguruko ‘Barrura begiratzeko leihoak’, eta Jesus Egiguren sozialistaren inguruko ‘Memorias de un conspirador’. Rebordinosek ez du inongo momentutan filmeen izenik aipatu, baina «ez da zentsurarik egon» errepikatu du behin baino gehiagotan.
Gainera, Zinemaldiak politika gaitzat duten hainbat film izango dituela esan du, eta baita bereziki euskal egoera politikoaz jarduten duten filmak ere.