Ameztoiren 27 marrazki bildu dituzte Kutxa Boulevard aretoan
Marrazkilari donostiarraren erakusketa zabalik egongo da urriaren 28a arte
Margolari oparoa izan zen Vicente Ameztoi (Donostia, 1946-Villabona, 2001). Parte Zaharrean jaio zen, baina 1972an familiaren Villabonako etxera joan zen bizitzera, Etxe Ondora. Madrilgo Arte Ederren San Fernando Eskolan hasi zituen ikasketak, baina segituan ibilbide artistiko autodidaktari ekin zion. Bere hainbat marrazki bildu dituzte Kutxaren Bulebarreko erakusketa aretoan, guztien gozamenerako. Jomo Kenyattaren inguruko ipuin baterako osatu zituen irudiak dira. Kenyatta Keniako presidentea izan zen 1964 eta 1978 urteen artean. Gerora, marrazki horiek Tiempo de Africa dokumentalerako erabili zituzten. Atzo arratsaldean zabaldu zuten erakusketa, eta urriaren 28a arte egongo da zabalik.
Guztira, Ameztoik tintaz egindako 27 marrazki zuri-beltz batu dituzte erakusketa aretoan. Marrazki horien bidez, egun euritsu batean elefante bati aterpea ematen dion gizon baten istorioa kontatzen du Ameztoik.
Margolanekin batera, bi ikus-entzunezko jarri dituzte aretoan, etengabe ikusteko moduan; El precio de la libertad da bata, Ameztoiren irudietan oinarritutakoa, eta bestea, Miradas, Ameztoiren obraren ingurukoa. Bi filmak Jesus Almendrosek zuzendutakoak dira. Marrazki guztiak Almendrosen jabetza direnez, margotu egin ditu kolorea emateko, eta istorio txiki bat osatu du El precio de la libertad lanean. Miradas, berriz, Ameztoiren bizitzaren inguruko film labur bat da. Horrela, Ameztoik zinemarekin izandako lotura erakutsi nahi dute.
Margolari sailkaezina
Arte sorkuntzari goiz ekin zion Vicente Ameztoik, eta 14 urte besterik ez zituela bere lehen erakusketa zabaldu zuen. Adituen arabera, bere sorkuntza sailkaezina da euskal margolaritzaren barruan.
Diotenez, irudimen biziko gizona zen. Euskal paisaiaren gaia lantzean, elementu onirikoak eta nolabaiteko anbiguotasun poetikoa uztartu zituen, surrealismoaren bidez.
Gainera, zinemagintzan ere aritu zen, eta besteak beste, Julio Medemen Vacas filmaren zuzendaritza artistikoan parte hartu zuen.
Erakusketa
- Zer. Vicente Ameztoiren margoen erakusketa.
- Noiz. Urriaren 28a arte; asteartetik igandera.
- Ordutegia. 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
- Non. Kutxa Boulevard erakusketa aretoan. Beheko solairuan.
- Sarrera. Doan.