Denis Itxaso, artxiboko argazkian. (Argazkia: Nagore Koch)
Denis Itxaso: «Atez atekoaren kontrako 60.000 sinadurak dira gehiengo berriaren bermerik handiena»
Aginte aldaketa izan da San Marko Mankomunitatean, Denis Itxasok (PSE-EE) Ainhoa Intxaurrandieta (Bildu) ordezkatu baitu presidentetzan. Itxasok errauste planta babesten duten beste alderdien botoei esker hartu du kargua, EAJri eta PPri esker. Intxaurrandieta kritiko agertu da herenegungo bileraren ondoren, eta honakoa esan du: «Itxasok ez du udal bat ere ordezkatzen. Mankomunitateko hamar udalerrietatik bederatzitan Bildu dago agintean, eta hamargarrenean, EAJ (Urnietan). Zein zentzu du horrek?», gaineratu du.
Bilera horren aurretik atez atekoa arbuiatu zuen Itxasok, baina Intxaurrandietak gogorarazi du hondakinak nola bildu erabakitzeko ardura udalena dela, eta ez Mankomunitatearena. Era berean, errauste plantaren gaineko erabakiak ere ezin direla San Markotik hartu azaldu du.
Kargu hartzea, irainen artean
Denis Itxasok erraustearen kontrako taldeen iranen artean hartu zuen kargua herenegun. «Liskarrik sortzen ez duen gehiengo bat ordezkatzen dut. Atez atekoaren eta zabortegiaren eredu zaharkituaren kontrako 60.000 sinadurak dira gehiengo horren bermerik handiena», esan zuen. Atez atekoa ere kritikatu zuen beste behin: «Ezin duzue egin Mankomunitatearen eta batzar nagusien borondatearen kontra».
Bilera irekia izan zen eta Gipuzkoako Erraustearen Aurkako Plataformako Koordinakundeko ordezkaritza bat bertan izan zen. Azpiegitura hori «dirua xahutzea» dela adierazi zuen.
EAJk bestalde, «orain arte Bilduk Mankomunitatetik kobratu dituen soldata eta liberalizazio guztiak bertan behera uztea» proposatuko duela aurreratu du.