Monpas, itsasotik ikusita (Argazkia: Xabier Etxabe)
Ingurumenari egingo liokeen kaltea eta mantentze lanen kostu altua izan dira atzera botatzeko arrazoiak
Udal gobernuak Monpaseko pasabidearen proiektua desegokia dela ondorioztatu du, eraginak aztertu ostean. Hasierako proiektuarekin alderatuta hobekuntzak ikusi badizkiote ere, azkenean mantentze eta ingurumen arloan bideragarria ez delako atzera botatzea erabaki dute.
Horretarako, hiru sailek egin dituzte txostenak; Proiektuak eta Obrak departamentuak, Mantenukoak eta Ingurumenekoak. Ingurumeneko zinegotzi Axier Jakak atzo egindako agerraldian adierazi zuenez, «udaleko teknikarien arabera, proiektua teknikoki bideragarria da, baina mantentze arloan eta ingurumenekoan ez dira baldintzak bete».
Erabakia ofizialki atzo aurkeztu zuten, eta Jakak orain eman beharreko pausuak adierazi zituen; «txosten horiek datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordetik pasako dira eta ondoren udalak Kostetako Zuzendaritzari gutunez bidaliko dio gure erantzuna».
Ingurumen baldintzak betetzearen inguruan, ingurunearen eta espezien gaineko kalteak eragingo lituzkeela ondorioztatu dute txostenetan. Besteak beste, hegaztiek habiak jartzen dituzten lekua oztopatuko lukeela adierazi dute.
124.000 euro urtean
Mantentze lanen inguruan, Donostiako Udalari eragingo lioken kostua 124.000 eurokoa dela kalkulatu dute. Hor barnean, gainera, ez lirateke sartuko salbuespeneko gertakariak. Besteak beste, itsasbazterrean izaten diren eguraldi gorabeherek eragindako kalteak.
Proiektuari esleitutako 9 milioien inguruan, udal gobernuak badu eskaririk. Jakak udal gobernuak hirian dauden beste behar batzuk asetzeko erabili behar liratekela adierazi zuen, eta eskaria egin dutela.