Iragana eta etorkizuna kaxa bakarrean
Zurriola ikastolako sortzaileek ekimen hunkigarria egin dute hasierako zailtasunak gogoratuz.
Zurriola ikastolan egun berezia izan zuten atzo. 45. ikasturtea ospatu zuten. Horretarako, iraganera begira jarri ziren. Izan ere, zailtasunez beteriko hasiera haietaz eta gaur egungo egoeraz hobeto jabetzeko luxuzko gonbidatuak izan zituzten: Zurriola ikastolaren hainbat sortzaile.
Kontxita Beitia izan zen ikastolaren lehen sortzailea. Etxeko andereñoa zen bera. Lehenengo Pasaian eta Donostian gero, etxean eta euskaraz irakasten zuen berak. Gogoan du, 1965. urtean hasi zela Donostian eskolak ematen. Kontxita Beitiaren esanetan, «Katalunia plazara joaten nintzen nire bi umeekin. Haurrei euskaraz egiten zien gurasoak bilatzen nituen eta haiei luzatzen nien euskaraz ikasteko proposamena. Hamar umeko taldetxo bat biltzea lortu nuen».
Azkar zabaldu zen kontua. «Grosen euskara plazaratzeko behar handia zegoela sentitzen genuen eta proiektuak oso harrera ona izan zuen», aitortu zuen Kontxita Beitiak. Berak irakasten zien haurren gurasoak, eta parkeko beste ama batzuk elkartu eta euskaraz irakasteko leku egoki baten bila hasi ziren. Familia horietako batek, intsaustitarrek hain zuzen ere, Ramon Maria Lili pasealekuan utzi zieten lehen lokala. Kontxita Beitiaren esanetan, «ilusio handia genuen eta gogor egin genuen lan. Ezkutuan ibiltzen ginen bilerak egiten eta dirua biltzen, baina aurrera egiteko genuen gogoak auzolanean aritzeko indarra eman zigun. Egoitza egokitzen lanez laguntzen ez zuenak diruz laguntzen zuen».
Bi urte igaro ziren guztia egokitu zutenerako. Lekua prest, 60 ikasle gogotsu, baina irakasleak falta. Kontxita Beitiak andereñoen egoitzan ere ematen zituen euskarazko klaseak eta hara jo zuen beraien proiekturako irakasle bila. Han topatu zuten Tere Elola, euskaraz irakasteko prest. «Ez genien soldata on bat eskaintzen, ezta egitasmoak aurrera egingo zuen bermerik ere. Euskararen alde egiteko gogoa eta ilusioa besterik ez genuen eskaintzeko», aitortu zuen Kontxita Beitiak. Ez zen asko, baina nahikoa izan zen Maite Garagorri berenganatzeko. Bere bulegoko lan finkoa utzi eta bat egin zuen proiektuarekin. Hala, Kontxita Beitia, Tere Elola eta Maite Garagorrik Zurriola ikastola abian jarri zuten 1968ko urriaren 9an.
Etorkizunari begira
Egun berean, 2012ko urriaren 9an elkartu dira berriz ere. Zurriola ikastolako haurrek aurreskua eta abesti bat eskaini diete euren izaeraren oinarri izan den sortzaile taldeari. Kontxita Beitia eta bere lankideek, berriz, eguneko Berria, Irutxuloko Hitza eta eurek sinatutako agiri bat sartu dute kaxa batean eta Josebe Muguruzari, gaur egungo zuzendariari, eman diote. Etorkizun hurbil batean Zurriola ikastolak izango duen eraikin berriko lehen harri izatea nahi dute. Kontxita Beitiaren hitzetan,«euskarari eta Zurriolari, egi bihurtutako ametsari beti izan diogun maitasunaren seinale».
aaltuna@hitza.info