Bretxako postua (Argazkia: Kattalin Miner)
Domu Santu Egunean lore eskaintzak egin ohi dituzte, hilerriak kolore biziz jantziz. Horien arduradun dira loradenda eta lore saltzaileak, baina hauek ere nabari dute krisiaren eta ohitura galtzearen eragina.
Domu Santu Eguna gerturatzen doan ahala, loradendek eta lore saltzaileek urteko egun potoloenetako baterako prestatu behar izaten dute. Aurreko egunetan hilobiak txukundu ostean, hilerriak kolore eta usainez betetzen dira egun horretan, nahiz ohitura hori ere indarra galtzen ari den urteak aurrera doazela. Loradenda eta lore saltzaileek eguna nola bizi duten jakiteko inguratu da IRUTXULOKO HITZA Bretxa ingurura.
Aurreikusi, ez dutela gehiegi aurreikusten esan du Lizardi Loreakeko langileak. Bretxa kanpoan duten postuan jendeak ez omen du enkargu gehiegirik egiteko ohiturarik; «jendea ohituta dago azken unerarte itxarotera, hainbeste aukera dago…», dio. Onartzen du, hala ere, urtero ibiltzen direla egunarekin «beldurtuta», izan ere, azaroaren 1a iritsi arte, ezin omen da jakin zenbat jende azalduko den bertara; «hala ere, gero beti saltzen dugu», onartu du.
Ohitura aldaketa
Salmenten jaitsieraren inguruan, aspalditik nabari dela beherakada dio Lizardiko langileak, baina ez krisiagatik bakarrik, baizik eta hilerrietara loreak emateko ohitura galtzen joan delako; «jende helduaren ohitura izan da beti hau, eta pixkanaka galtzen joan da. Gainera, adibidez, gero eta gehiago egiten dira errausketak eta, beraz, hilerriak ere ez dute lehen zuten garrantzia batzuentzat», iritzi du.
Salaberria Loradendako Josu Irizar uste berekoa da: «Edadeko jendearekin egiten dugu lan batik bat, eta pixkanaka jende gutxiago dugu, eta hori ez da krisiagatik, ohiturak aldatu direlako baizik», azaldu du. Salaberrian, hala ere, enkarguekin egiten dute lan batik bat eta horrela aurreikusi dezakete gutxi gora behera zenbat salduko duten, hala nola, iaz baina gutxiago.
Polloen, saltzaileak egunean
Enkarguekin egiten du lan baita ere Belandia Lorategiak, eta iazko eskariekin alderatuta jada nabari dela beherakada dio bertako nagusiak.
Lore munduan lanean 42 urte daramazki, eta, bere ustetan, krisiak badu eragin zuzena honetan, baina batik bat beste arazo batzuk ikusten ditu: «Polloen, Domu Santu Egunean bertan, lore saltzaileak jartzen dira hilerrian, eta horrek min handia egiten digu urte osoan zehar lan egiten dugun loradendei», iritzi du.
Izan ere, bertan eskaintza dagoenez, jendeak birritan pentsatzen duela lehenago zertarako erosi, uste du; «zertarako eramango du norberak haraino pisua eta lana, bertan eskaintza badute?», galdetu du loradendako nagusiak.
Gora behera guztiak direla ere, oraindik lore saltzaile eta loradendentzat egun garrantzitsua da azaroaren 1a, eta aurten ere, hilerriak kolore biziz beteteko dituzte haiek egindako lore sorta eta landareekin, senitarteko eta lagunek, hildakoak gogoratzeko.