‘Begirada berriak arkitekturan’ erakusketa ireki dute Añorgan
Arkitektura Eskolako kurtso bukaerako 15 lan onenak bildu dituzte Museum Cemento Rezolan
‘Begirada berriak arkitekturan’ erakusketa
Añorgako Museum Cemento Rezolan Begirada berriak arkitekturan erakusketa zabaldu dute. Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Arkitektura Eskolako hainbat lanek osatzen dute erakusketa; zehazki, 2011-2012 ikasturte bukaerako 15 proiektu onenak bildu dituzte. Proiektu bakoitzaren azalpenak museoaren hormetan banatuak daude, eta ondoan, bakoitzaren maketa. Erakusketa atzo zabaldu zuten, eta 2013ko martxoaren 3a arte egongo da ikusgai. Gainera, arkitekturak egungo gizartean duen eraginaren inguruko hitzaldiak antolatuko dituzte erakusketaren harira. Erakusketak museoko bi gela bete ditu, eta ikus-entzunezko labur batekin osatu dute. Bertan, ikasle bakoitzak bere proiektuaren nondik norakoak azaltzen ditu, labur-labur.
Proposamen ausartak
Ikasleek denetariko proposamen ausartak egin dituzte euren proiektuen bidez, haur udalekuetarako gunea Irunen, Madrilgo Jai Alai frontoiaren berreraiketa, Euskadiko Arte Eszenikoen Eskola Bilbon… guztien artean bada Donostian kokatua dagoen bat. Izan ere, Ulian XIX. Mendeko Gipuzkoako Gotorlekuen Interpretazio Zentroa sortzea proposatu du Kristina Aranburuk (Pasai Antxo, 1987). Ideia izan zuenetik, bi urte behar izan ditu Aranburuk lan guztia osatzeko, eta guztiaren berri zehatza eman dio Irutxuloko Hitzari. «Donostia begiratuta, proiektua oso leku estrategiko batean kokatu nuen. Donostiako lurretan dago, naturan, baina gertu. Gainera, aspalditik berreraiki nahi izan dute, berrerabiltzeko; baina sekula ezin izan da egin diru faltagatik. Potentzial handiko proiektua iruditzen zitzaigun», azaldu du gazteak. Uliako koartela museoaren sarrera gisa erabili du, eta hortik behera jaitsita, eraikin berria bisitatzeko aukera egongo litzateke. «Aurretik banatuak zeuden bunkerrak, koartela eta estazioa elkartuko lituzke».
Asko kostatako lana izan den arren, azken emaitzarekin gustura geratu da Aranburu. «Hasieran beste ideia bat nuen, pixka bat erradikalagoa, baina gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Askotan pasa izan naiz inguru horretatik, eta koartelaren inguruan zerbait egitea bururatu zitzaidan».
- Non. Añorgako Museum Cemento Rezolan.
- Noiz. Asteartetik igandera; 2012ko martxoaren 3a arte.
- Ordutegia. 10:00etatik 14:00etara.
- Proiektuak.