Ekintzaileen Egunean ehundaka lagun bildu dira Kursaalen
Ekitaldi eta jardunaldia egin dute eta ‘2012ko etorkizun handieneko negozio ereduari’ saria eman diote
Donostiako Sustapenak antolatuta, 300 bat lagun bildu ziren atzo Kursaalen Ekintzailearen Egunean parte hartzeko.
Goizean zehar, ekintzailetzarekin zer ikusia zuten hainbat jarduera egin zituzten. Lehen zatian, ekintzaile guztiei zuzenduta, aldaketa-egoera berriari buruzko hitzaldiak entzun zituzten bertaratutakoek.
Une horretan bertan, Caja Ruralek 2012ko etorkizun handieneko negozio ereduari saria eman zion. Donostiako Sustapenarekin batera, bere negozio planak garatu dituen ekintzaileetako bati eman zioten 1.000 euroko saria.
Bigarren zatian, ekintzaileek gai zehatzagoak landu zituzten. Esaterako, sormena, arrakasta eta finantzazioa.
195 enpresa berri, Donostian
Urtea amaitzeko egun gutxi falta direla, Donostiako Sustapenak emandako laguntzei esker, 195 enpresa berri sortu direla azaldu zuten atzo.
Horietatik 166 sektore arruntetakoak izan dira (ostalaritza, osasuna, eraikuntza, garraioa…), 13 ikusentzuneko arlokoak eta 7 energia berriztagarrietakoak. Aurtengo datuak iazkoak baino pixka bat hobeak izan direla azaldu zuten.
Surfa eta berrikuntza
Donostiako Talent Housen ere bildu ziren surfaren inguruko berrikuntzen inguruan aritzeko. Surf&Innovation bigarren topaketak egin zituzten atzo.
Donostiako Sustapenak, Surf City Donostia Clusterra ere sustatzen du, kirola ekonomia eragile gisara bultzatzeko ekimenean.
Atzo, 60 lagunetik gora inguratu ziren, goiz osoan zehar iraun zuten hitzaldi eta tailerretan parte hartzeko.