Naiara Sampedro eta Iñaki Mendoza (Argazkia: Donostiako Udala)
Olentzero eta Mari Domingi ere hamabost haurtxokotara joango dira, umeen eskariak entzutera
Gabonetarako osatu duten udal egitarauan, 300 ekimen baino gehiago bildu dituzte. Gabonak zuretzat 2012 lelopean, hiriko hamabost gunetan haur eta gazteenentzako kultur egitarau zabala osatu dute.
Abenduaren 20tik urtarrilaren 6a bitartean, jolas eta kultur jarduera ludiko ugari eskainiko ditu Donostiako Udalak, hainbat elkarterekin elkarlanean. Zehazki, Gazteria saila, Donostia Kultura, Cristina Enea Fundazioa, Museoen Sarea eta hiriko hamabost aisialdi talde aritu dira elkarlanean.
Abenduaren 22 eta 24 artean, bestalde, Olentzero eta Mari Domingik hamabost haurtxoko bisitatuko dituzte, txikienen eskariak jasotzeko. Zehazki, Aieten, Altzan, Amaran, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Igeldon, Grosen, Ategorrietan, Intxaurrondon, Loiolan, Martutenen, Txomin Enean, Erdialdean eta Parte Zaharrean izango dira.
Ohitura ez kontsumistak
Gazteria eta Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok atzo azaldu zuen, Gabonak zuretzat egitasmoak aisialdia era egokian bideratzen erakutsi nahi duela; «ohitura ez kontsumistak sortuz eta ondo pasatzeko eta dibertitzeko ordezko aukerak emanez», esan zuen.
Bestelako balio eta gaitasunak ere landu nahi direla azaldu zuen zinegotziak. Besteak beste, irudimena, elkartasuna, lankidetza edo sormena bezalako balioak aipatu zituen. Honetarako, haurrengana haien inguruko entitateen bidez inguratzen saiatuko direla azaldu zuen.
Haurrak Pleno Aretoan
Aurten kultur ekimen oso anitzak eskainiko direla azaldu zuen Sampedrok, ez bakarrik edukiagatik, baizik eta horiek eskainiko diren lekuengatik. Esaterako, Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan haurrentzako kultur jarduerak antolatu dituzte abenduaren 27, urtarrilaren 2 eta 4rako. Bertan, pailazo, mago eta antzerkia izango dira hurrenez hurren.
Kursaalen, bestalde, haurtxoko eremu bat antolatuko dute. Gabonetako Haur Parkean, 100 metro koadroko jolasgune bat prestatuko dute abenduaren 22tik urtarrilaren 4a bitartean.
Cristina Eneak antolatuta, ingurumenarekin lotutako hainbat tailer egingo dituzte haurretzat abenduaren 26tik, urtarrilaren 4a bitartean.
Elhuyar Fundazioak, bestalde, gazteei zuzendutako zientzia tailerrak prestatu ditu abenduaren 26rako.
Azkenik, hiriko museoak bisita egiteko deia egin zuen Donostiako Museoen Sareko Iñaki Mendozak; «ez bakarrik Gabonetan, urte osoan joateko deia egiten dugu», esan zuen.
Auzo eta leku guztietako ekimenak ikusteko egitarau osoa, donostia.org webgunean dago zintzilikatuta.
Jostailu ez sexistak oparitzeko kanpaina aurkeztu dute
Gabonetan haurrei jostailu ez sexistak oparitzeko gida zabaldu zuten atzo. Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok erosketa parekideak egiteko gida bat banatu zuen. Aurten, 12.000 kopia zabalduko dituzte, eskola, haurtxoko eta gaztelekuetan.
Azaldu zuen, erosketak egiterakoan ezin diogula soilik umeen desirei erantzun, baizik eta era arduratsu eta era aktiboan aukeratu behar ditugula jostailuak. Heziketarako tresna paregabeak izan daitezkeela jostailu parekideak esan zuen.