Rafael Berriok 'Diarios' diskoa aurkeztu du
1971 disko laudatuaren ondoren, Diarios lanarekin itzuli da Rafael Berrio (Gros, 1963). Bere izenarekin sinatzen duen bigarren diskoa da. Izenburua Berriok maite duen literatur generoari egin dio omenaldia da: “Nire kantak ere halakoak dira, nire gogoeta pertsonalak dira. Gainera, izenburu gisa asko gustatzen zait Diarios hitza. Izenburu soil eta labur bat nahi nuen, diskoa jada hitz luzez beteta baitago”.
Lehenago diskoa Madrilen aurkeztua zuen Berriok. Atzo Donostian aurkeztu zuen, Amarako Kaxilda liburu dendan. Fernando Neira kontrabaxu jotzailea lagun zuela, eta bere gitarra akustiko hutsaren laguntzaz kantatu zituen lan berriko lau pieza: La alegria de vivir lehen singlea izan dena; Santos Martires Yonkies eta Mi reputacion. </i
Pianoan eta orkestrako musikan oinarrituriko 11 kantuko lana kaleratu du Berriok. Hain zuzen, Joserra Senperena piano jotzaile eta musikari donostiarrak ekoitzi du Berrioren lan berria, duela bi urte kaleraturiko 1971 hura bezala. Eta Senperena bera arduratu da pianoa eta akordeoia jotzeaz, baita moldaketak egiteaz eta orkestra zuzentzeaz ere. Abestiek Frantzia eta Italiako kantagintzaren soinuak dituela azaldu du Berriok, eta hein batean, 1971 lanaren jarraipena dela: “Banuen rock disko bat egiteko gogoa, baina horrela atera da. Ez du ez rock ezta blues ikuturik ere”.
Musika egiterakoan “oso maniatikoa” dela aitortu du Berriok, eta egindako lanak inoiz ez duela gogobetetzen: “Norbaitek disko bat kaleratzen duenean lan hori egin duen onena dela esaten du. Ez dakit ba. Nire ustez, disko guztietan entsegua-hutsa-entsegua-hutsa zirkulua betetzen da. Ziur aski disko hau ere huts bat izango da”.
Donostian martxoan aurkeztuko du zuzenean disko berria; oraindik zehazteke dago eguna eta lekua. Agertokian laukote gisa agertuko da Berrio. Diskoan grabaturiko orkestratik bi musika tresna berreskuratuko ditu: Ander Mujikak joko du fagota eta haren anaia Andonik joko du tronpa.
Liburu bat ere argitaratu berri du musikari donostiarrak. Azken bi lanetako hitzak, eta Mursegorekin batera ondutako Phantasma egitasmorako idatzitakoak liburu batean bildu ditu: Golpes de fortuna y tiros de gracia.