Donostia Kulturako Norka Chiapuso, Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkaria, Ander Lipus aktorea eta Manex Fuchs zuzendaria . (Argazkia: Nagore Koch)
Ander Lipus aktorea eta Manex Fuchs zuzendaria pozik agertu dira Viktoria Eugenia Antzokiko prentsaurrekora. Ez da gutxiagorako, beraiek parte diren Huts Teatroak irabazi baitu XIII. Donostia Antzerki Saria. Sariak 10.000 euro eta Zumetaren margolan bat hartzen ditu bere baitan. Aurten, 8.000 euro jasoko dituzte antzezleek; gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2015 urtea baino lehen, euskarazko beste antzezlan bat prestatu eta eskaini beharko dute hirian. Horretarako, Iparraldeko Harri Xurin dagoen ekoizpen gunean bi astez lanean aritzeko aukera izango dute, gastu guztiak ordainduta.
Martxoaren 27an jasoko du saria taldeak, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian. Ondoren, antzezlana berriro eskainiko dute. “Beharrezkoa da publikoa antzokietara joatea, nahiz eta guk publikoa gorroto”, egin du txantxa Lipusek.