Aintzinako Musikaren egunak ospatuko ditu Musikenek
Aste honetan Musikenek DIMA, Aintzinako Musikaren Egunak jardunaldiak ospatuko ditu. XVI. eta XVIII. mende bitarteko musikari eskainitako ekimenak izango dira. Ostegunera bitartean Miramar Jauregian dantza historikoen ikuskizuna, hitzaldiak, mahai-inguruak eta kontzertuak egingo dituzte. Izen bat aipatzekotan, Miguel Ituarte piano jolearen parte hartzea nabarmendu daiteke.
Gaur, astelehena, Diana Campoo dantza irakaslearen esanetara aritzen diren dantzariek aintzinako dantzen ikuskizuna eskainiko dute. Miramar Jauregiko PP2 aretoan izango da saioa, 12:30ean.
Bihar, asteartea, Musikeneko irakasleek aintzinako musikari buruzko hitzaldia emango dute, 15:00etan. Arratsaldean, berriz, Miguel Ituarte piano joleak hitzaldia emango du, eta jarraian piano emanaldia eskainiko du, J.P Sweelinck, J.S. Bach eta P. Hindemith artisten lanak interpretatuz. Ekimen hau, 18:00etan hasiko da.