Juan Claudio Cifuentesek jasoko du aurtengo Jazzaldia Saria
Jazzaren sustatzaile handi batek jasoko du aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. Juan Claudio Cifuentes izango da saritua. Komunikabideetan jazza hedatzeko etengabeko lan aitzindaria egin du. Jazzaren zaleen artean Cifu izenarekin ere ezaguna da, eta jazzaren hedatzaile nagusia izan da Espainian azken lau hamarkadetan. Hedapen-lan hori, batetik, irratiaren bitartez egin du, 42 urtez etengabe irratian egon den Jazz porque si programari esker, eta bestetik, telebistaren bitartez, Jazz entre amigos programarekin. Programa hura inork oraindik gainditu ez duen mugarria izan da, bai kalitateagatik, bai ikusle kopuruagatik.
Juan Claudio Cifuentes Parisen jaio zen 1941ean, baina bere gurasoak espainiarrak ziren. Txikitatik izan zen jazz zalea, eta musikari amateur gisa ere aritu zen, bere ikastetxeko jazz talde bateko bateria jotzaile gisa, batxilergoaren azken urteetan.
1961ean finkatu zen Espainian, eta unibertsitatean hastearekin batera konturatu zen ezingo zuela perkusioarekiko bere zaletasunarekin jarraitu, bertako musika-talde bakarra Tuna baitzen. Kontsolatzeko edo, urte hartan bertan Aria Jazz aldizkari ospetsuarekin (eta zoritxarrez desagertuarekin) lankidetzan hasi zen, eta kolaborazio horrek zortzi urte iraun zituen, aldizkaria jardunean egon zen bitartean. Segituan bihurtu zen bildumagile amorratu, eta jazzaren historian espezializatu zen.
Orduan hasi zen gaur egun oraindik ere mantentzen duen jarduera garatzen: herrialde osoko unibertsitateetan, ikastetxe nagusietan eta kultura-zentroetan jazza hedatzeko hitzaldiak eta konferentziak eskaintzen hasi zen, musika-entzunaldiz lagunduta.