Kaldero Jaun jaiak, desagertzeko arriskuan
Jai batzordeak bilera batera deitu ditu bizilagunak eta elkarteak. Bihar bilduko dira jaiekin jarraitu ala ez erabakitzeko, 20:00etan.
Kaldero Jaun jaiak desagertzeko arriskuan dira. Hogei urtez ospatu dituzte Hego Intxaurrondon, eta orain, bizilagunek jaiekin aurrera jarraitu nahi duten erabaki behar dute. Jai batzordeak bilera batera deitu ditu auzotarrak eta elkarteak, bihar 20:00etan. Auzoko bizilagunen elkartean bilduko dira. Jaien plangintzan eta jaiak antolatzeko moduan elkarlana eskatu du jai batzordeak.
Izan ere, horixe da jai batzordearen arazo larrienetako bat: laguntzaile eta kolaboratzaileak behar dituzte. Duela bi urte jai batzordeko kide gehienek dimisioa eman zuten. Nekeagatik utzi zutela adierazi zuten orduan; bi hamarkadatako lanaren ondoren ez baitute haien lanarekin aurrera jarraituko duen kiderik aurkitu. Gastuek gora egin izana, diru laguntzen murrizketak eta ikusle kopuruaren beherakadak egoera larritu dutela diote. Hala ere, jai batzordeko kideak jaiak salbatzeko lanean ari dira. Jaiak antolatzeko kide berri eta elkarte berrien laguntza behar-beharrezkoa dute aurrera jarraitzeko.
Biharko bileran jai batzorde berri bat sortu nahi dute. Hori lortzen ez badute, Kaldero Jaun festak desagertu egingo dira.