Adela Rojo Ceinproko irakaslea, Olatz Genua Ceinproko ikaslea, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Luis Aldasoro Ceinproko zuzendaria (Argazkiak: E. Zabala)
Ceinproko ikasleek gogor lan egin dute aurten ere, eta erakusketa bat osatu dute Anoetako Ernest Lluch kultur etxean, azken urteotako ohiturari jarraituz. Donostiak 1813an jasandako erreketa eta ondorengo berrerairakuntza dira
200 urte geroago izeneko erakusketaren gai nagusiak, eta gaur goizean egin dute aurkezpena. Gainera, erakusketa Giza Eskubideen Zinemaldiaren barnean kokatu dute, garaiko giza eskubideen urraketak oroituz. Azken batean, Donostiaren eta donostiarren ibibide politiko, kultural eta sozialaren inguruko hausnarketa grafikoa egin dute Ceinproko ikasleek.
Juan Karlos Izagirre alkatea aurkezpenean izan da, Ceinproko kideekin batera. Alkatea Ernest Lluchera iritsi bezain laster, Adela Rojo irakasleak erakusketa erakutsi dio, azalpenak emanez. Oso pozik geratu da alkatea ikusitakoarekin, eta zoriondu egin ditu Ceinproko ikasle eta irakasleak. “Iragana landu gabe zaila da etorkizuna lantzea”, adierazi du Izagirrek. Gainera, duela 200 urte egin zuten moduan, hiria guztien artean eraiki behar dela gogorarazi du alkateak, eta hori dela zabaldu beharreko mezua esan du. “Erakusketa hiria berreraiki zuten emakume eta gizon horientzako omenaldi bat izatea nahi dugu”, azaldu du Adela Rojo irakasleak. Olatz Genua erakusketaren sorkuntzan parte hartu duen ikasleetako bat da, eta irakasleek gaia proposatu zietenean asko poztu zela esan du, oso gertuko gaia egin zitzaiolako. Iban Lafont irakaslea ere harro agertu da ikasleek egindako lanarekin. “Urtez urte Ernest Llucheko erakusketa antolatzea ikasturteko proiektu nagusia bihurtzen da. Beti zalantza izaten dugu ea zein izango den ikasleen erantzuna, baina oso ona izan da. Lan luzea izan da, gogorra, baina oso polita”, aipatu du Lafontek.
Hainbat zatik osatzen dute
200 urte geroago erakusketa. Sarrerako pareta, hainbat pertsonaia ezagunen erretratuekin bete dute; Juan Mari Arzak sukaldaria, Richard Oribe igerilari paralinpiarra, Marta Etura aktorea, Iñaki Gabilondo kazetaria… Ondoren, zartatutako horma bat egin dute, egungo Bretxaren omenez, eta horren erditik igaro ostean, eskuinaldean hain ezaguna den euriari, xirimiriari, omenaldia egin diote. Bestetik, bost koadro handitan, hiriko bost irudi aipagarri ikus daitezke; Artzain Onaren katedrala, hondartzako toldo txuri-urdinak, Kontxako baranda, Maria Kristina Hotela eta Viktoria Eugenia Antzokia. Edonola, panel handi bat da erakusketako deigarriena; bertan hiriaren izaera islatu nahi izan dute, argazki eta testuekin osatutako
collage batean, “Ez du axola gutxi aurreratzen bada, garrantzitsuena geldirik ez geratzea da”, dio panelaren goikaldean. Zutabe batean, 200 lore ere jaso dituzte, erretzetik igarotako urte bakoitzarengatik; eta zapaitik zintzilik jarri dituzten beste panel batzuetan, hiriko denda klasikoenak aipatu dituzte; Eskulanen Etxean, Benegas, Casa Aristizabal… bukatzeko, marrazki desberdinak dituzten zapi txuri-urdinak zintzilikatu dituzte. Horretaz gain,
Hazia errautsetan izenburupean, 10 minutuko bideo bat osatu dute ikasleek; bertan, hainbat testigantza jaso dituzte. Izan ere, hiria erre zutenean, hainbat herritar Zubieta baserrian bildu ziren, berreraikitzearen nondik norakoak erabakitzeko, eta kontu hori dute hizpide bideoko protagonistek; Antonio Mendizabal idazlea, Jose Antonio Azpiazu antropologoa, Iñaki Egaña historialaria eta Zubieta baserriko Jesus Mari Errekondo Aizpurua.
Erakusketaren irekiera ofiziala gaur izango da, 19:00etan. Ondoren astelehenetik larunbatera zabalduko dute erakusketa; astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era, eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa izango da.