Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari orokorra; Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; eta Andrey Boreyko orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia (Argazkia: E. Zabala)
2012-2013 denboraldia bukatzear dela, datorren denboraldia aurkeztu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Abuztuan hasiko du denboraldi berria, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuekin, besteak beste. Abonu denboraldia, berriz, urrian hasiko du eta hiriburu bakoitzean 10 kontzertuz gozatzeko aukera izango dute abonatuek. Guztiaren berri zehatza emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari orokorrak, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, eta Andrey Boreyko orkestraren zuzendari gonbidatu nagusiak. Guztira 50 kontzertu eskainiko ditu orkestrak, eta ohiturari jarraituz, 130 ekitaldi inguru izango ditu.
Hizkuntza Unibertsala da 2013-2014 denboraldirako orkestrak hautatu duen leloa. “Musika hizkuntza bat dela uste dugu; badituela bere arauak eta aukerak”, aipatu du Alberdik. Muñozen hitzetan, garrantzitsua da herria entzule izateaz gain partaide ere izatea. “Orkestrak entzule berriengana iristea lortzen du eta bertako musikagileen lana ere zabaltzen du”, adierazi du Muñozek.
Boreyko 2009tik orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia da, eta bertan jarraituko du. Hala ere, Andres Orozcok zuzendari artistiko nagusi postua utzi duenez, beste zuzendari baten bila dabiltza. Boreyko harritua eta pozik agertu da gaurko aurkezpenean, komunikabideen presentzia handia iruditu baitzaio. Euskalduna ez den arren, dagoeneko herri honen parte sentitzen dela adierazi du Boreykok, eta orkestra Realarekin alderatu du. “Duela bi egun Kursaalen kontzertu zail bat eman genuen, eta ondoren, Realaren partida Anoetan ikusteko aukera izan nuen. Zoritxarrez, partidaren bukaera nahiko dramatikoa izan zen. Hala ere, Reala talde bikaina da eta hiri honetan orkestra ere bikaina duzue. Realak falta diren hiru partidak irabaztea espero dut, Txapeldunen Ligan jokatu ahal izateko. Orkestra beti egon da lehen mailan, eta aurrerantzean Europako ligan egongo da seguraski, izan ere, azken hiruzpalau urteetan goranzko bide nabarmena egin du”, aipatu du harro Boreyk. 2013-2014 denboraldia irekitzeaz eta ixteaz arduratuko da Boreyko, tartean izango diren gainerako kontzertuak beste zuzendari batzuen gidaritzapean izango baitira. Zehazki, abonu denboraldiko lehen programan, Pablo Sorozabal, Beethoven, eta Stravinsky musikagileen lanak interpretatuko dituzte; eta Donostian urriaren 11ean izango da. Azken programan, aldiz, Chopin eta Dvorak musikagileen lanak interpretatuko dituzte, eta Donostian maiatzaren 29an izango da.
Abonu denboraldiko gainerako programetan, Ravel, Brahms, Shubert, eta Tchaikovsky moduko maisuen lanak eskainiko ditu orkestrak, eta hainbat artista gonbidaturen laguntza izango du; Judith Jauregi pianista donostiarra eta Harkaitz Cano idazlea tartean.