Kultur Aniztasunaren atala sortu dute hiritarren eskubideak, elkarbizitza eta aniztasuna bermatzeko
Juan Ignacio Cordovillak 1.200 euroko saria jasoko du eta atal berriaren ikur bihurtuko da hemendik aurrera. Lehiaketara aurkeztutako gainerako logotipoak, berriz, Alderdi Ederreko liburutegian egongo dira ikusgai ekainaren 6tik 27ra bitartean. Erakusketa astelehenetik ostiralera ikusi ahal izango da 10:00etatik 20:30era, eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Udalak Kultur Aniztasunaren atal berria sortu du, hiritar guztien eskubide sozial, zibil eta politikoak bermatzeko, eta baita arrazakeria eta xenofobiaren aurkako eta elkarbizitza eta aniztasunaren aldeko politikak garatzeko. Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean izango du egoitza Kultur Aniztasunaren atalak, eta hiru teknikarik egingo dute lan bertan.
Naiara Sampedrok egin du atal berriaren aurkezpena, eta bera izango da aurrerantzean kultur aniztasunaren zinegotzi ordezkaria. Sanpedroren hitzetan, “bertakook eta kanpotik etorritakoak, denok osatzen dugu Donostia. Aniztasuna batuketa da, ez kenketa. Migrazioek aldaketak sortzen dituzte hezkuntzan, etxebizitzan, osasunean, gizarteko egitura guztietan. Horregatik, atal berri honen helburu nagusia, elkarren arteko errespetuan oinarritutako politikak bultzatzea izango da, aukera berdintasuna bermatzeko”.
Helburu horiek lortzeko, hainbat egitasmo jarriko dira abian: sentsibilizazio kanpainak, elkarrekintzak, eztabaidarako guneak… Uztailean hiriaren kultur aniztasunaren azterketa aurkeztuko du atal berriak, eta irailetik aurrera auzoz-auzo bertako eragileekin eta bizilagunekin hitz egingo dute guztien ekarpenak jasotzeko. Ildo horretatik, Sampedrok aniztasunaren alde lanean diharduten elkarteei esker ona adierazi dira.
Kultur Aniztasunaren ikurra
Elkarte horietako kide ugari bildu da udaletxeko Udalbatza aretoan, Kurtur Aniztasunaren atalaren aurkezpenean. Atalaren ikur berri ere aurkeztu dute. Guztira 62 irudi aurkeztu dira, baina azkenean, Juan Ignacio Cordovillaren logoa aukeratu dute. Donotiako hizkuntza aniztasuna islatu nahi izan du egileak, kultura eta jatorri anitzeko pertsonak elkartzeko hizkuntzak duen gaitasuna aldarrikatuz. Cordovillaren esanetan, “urdina aukeratu dut, hiriko kolorea delako, eta txinera, latina, arabiera eta armeniar hizkuntzako ikur bana aukeratu ditut aniztasuna islatzeko”.