Ibilbidearen hasieran jarritako mapa. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Tabalerak bultzatuta, eta Egiako elkarte eta eragileen laguntzarekin, hiru orduko bisita egin dute larunbata goizean, auzoan barrena. Hain zuzen ere, erabilerarik ez duten espazioak bertatik bertara ikusi dituzte, gune horietan zein ekimen egin daitezkeen proposatzeko helburuarekin. #EgiaMapa ekimenaren barruan antolatu dute bisita.
Egitasmoaren xedea auzotarrekin elkarlanean egindako kartografia bat osatzea eta egun erabilera handirik ez duten espazioak eta horiei eman lekizkiekeen erabilera posibleak jasotzea da. Tejeria kalean ekin diote ibilbideari, Plaza Haundira joan dira ondoren eta, Maria Reina Eskola parketik eta Polloeko hilerriko plazatik igaro ostean, kultur etxea, Aldakoneako zubia eta Onkologikoa bisitatu dituzte. Blas de Otero plaza eta Mundaizen ere egin dituzte geldiuneak. Txangoaren geltoki bakoitzean, Egiako eragile desberdinetako ordezkariek hartu dute hitza, eta ondoren, bildutakoek euren ekarpena egin dute.
Tejeria kalea oinezkoentzat izatea, Plaza Haundi berritzeko beharra haurrek behar bezala jolas daitezen, kultur etxea auzora irekitzea, Onkologiko zaharraren egoitza artistentzako tailer bat izatea, Maria Reina Eskola parkean Musika Parkearen antzeko ekimen bat egitea… proposamen ugari egin dituzte bildutakoek, eta den-denak jaso dituzte Tabakalerako kideek. Erabilera posible horiek islatuta geratzeko, gune horietan guztietan ikur bat itsatsi dute, txoko bakoitzari egokitu beharko litzaiokeen erabilerarekin.