Lehendabiziko Sebastiane Latinoa Saria banatuko da Zinemaldian
Latinoamerikako LGTB zinema sarituko du; sexu eta genero-aniztasuna ondoen ordezkatzen duten filmak aitortuko ditu.
Zinemaldiaren hurrengo ekitaldian lehendabiziko Sebastiane Latinoa Saria banatuko dute, eta Gehitu elkarteak emango du. Lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrikapenak eta balioak ondoen defendatzen dituen filmari emango zaio. Gehituk duela 14 urte sortutako Sebastiane Sariaren ondorengo natural gisa sortu dute.
Sebastiane Latinoak, baina, gure mugak gainditu eta Latinoamerikako filmik onena sarituko du, Zinemaldiak proiektatua izan ala ez. Bi sariotako epaimahaia Gehituko bazkideek eta Euskal Herriko gayen, lesbianen,
transexualen eta bisexualen elkarteek osatzen dute, eta Donostia Zinemaldiarekin orpoz orpo lanean jarduten dute.
Zinemaldiak Latinoamerikarekin duen gertutasunagatik eta Zinemaldiak herrialde horietako zinemaren alde egindako apustuagatik sortu da; nabarmena da apustu hori Horizontes Latinos edota Zinema Eraikitzen sailetan. Gainera, Zinemaldiak lankidetzan jardun nahi du errespetuaren eta sexu-askatasunaren balioek Latinoamerikan aurrera egin dezaten, matxismoa eta intolerantzia alde batera utzita.