Kanpaina bat abiatuko dute Parte Zaharrean bizi duten "larrialdi egoera" salatzeko
Auzoa kontsumorako gune ez ezik Parte Zaharra bizitoki ere izateko auzotarren eta bisitarien lankidetza eskatuko dute.
Parte Zaharrean Bizi Elkarteak auzoak bizi duen “larrialdi egoera” konpontzeko formulak bilatuko ditu. Elkartearen iritziz, “bizikidetasuna ezinezkoa da aisialdiaren industriak auzoaren ingurumena erasotzen duen bitartean”. Horregatik, asteburu honetan (hilaren 20an eta 21ean) kanpaina bat abiatuko du. Guztien parte hartzea eta konpromisoa sustatu nahi dutela adierazi dute. Kartelak jarriko dituzte auzoan, eta auzotarren zein bisitarien lankidetza eskatuko dute: “Herritarrak Parte Zaharrean bizi dugun arazo honen inguruan sentsibilizatu nahi ditugu. Arazo larria da, baina turismoa, ostalaritza eta aisialdiaren industriak sistematikoki eta zinikoki ukatu egiten du arazo hau”.
Auzoa kontsumorako gune ez ezik, Parte Zaharra bizitoki ere izateko auzotarren eta bisitarien lankidetza eskatuko dute: “Pertsonen osasuna eta atsedena babestu behar delako, terrazak ezin direlako irisgarritasunarentzako traba izan, eta espazio publikoa ez delako espazio komertzialaren ataria”.
Kanpainarekin aurrera egingo dute hurrengo udalbatzarra arte, hilaren 24a arte. Elkarteak dioenez egun horretan onartuko dute terrazen ordenantza. Uztaila bukatu baino lehen ustekabeko ekintza bat egingo dutela iragarri dute; ekintza honek auzoak bizi duen egoera salatuko du.