Hunkituta jaso du Juan Claudio Cifuentesek Donostiako Jazzaldia Saria
Errioxako kazetariak 40 urte baino gehiago daramatza jazza sustatzen.
Jazzean aditua da Juan Claudio Cifuentes kazetaria, eta musika horren sustatzaile nabarmena izateagatik jaso du gaur Donostiako Jazzaldia Saria. Zehazki, 42 urte daramatza irratian Jazz porque si saioa zuzentzen, eta aldi berean, telebistan Jazz entre amigos saioan ere aritu da. Guztiz hunkituta agertu da komunikabideen eta lagunen aurrean saria jaso duenean, Viktoria Eugenia Antzokian. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak eta Juan Karlos Izagirre alkateak eman diote saria. “Egunon” eta “eskerrik asko” izan dira Cifuentesen lehen hitzak, baina ondoren, gazteleraz hitz egin du errioxako kazetariak. “Hau ez da sari tekniko bat, hau beste kontu bat da. Hunkituta nago eta urduri. Sari honek oroitzapen asko gordetzen ditu, kontzertuak, lagunak, Javier Rekalderekin izandako eztabaidak…”, aipatu du Cifuentesek. Maiz egon da Cifuentes Donostiako Jazzaldian kazetari zein bisitari moduan, eta oso oroitzapen onak gordetzen dituela aitortu du.
Kritikarako tartea ere hartu du Cifuentesek, eta jazz musikariek euren abileziak erakusteko klubak falta direla aipatu du. “Musikenetik ateratako ikasleen maila handiaz gozatzeko aukera izan dut, baina Altxerrin eta Be Boopen bi kontzertu emanez ezin dute bizi. Klubetatik barrena zirkuitu bat antolatzeko beharra dago, baina ez da batere erraza”, adierazi du Cifuentesek.
Irrati eta telebista saioez gain, jazzaren gida profesionala osatu zuen 1994an, Egileen Elkarteak eskatuta; musikarien, kluben, eskolen, managerren eta jaialdien informazioa jaso zuen bertan Cifuentesek. Liburuak itzuli izan ditu, eta duela hiru urte Onda saria jaso zuen Jazz porque si irrati saioarengatik.