Emakumeen Berdintasunerako kontseilua bihar elkartuko da plan berriari ekarpenak egiteko
Berdintasunerako kontseilua, hiriko emakume taldeek, talde feministek, udal talde politikoetako ordezkariek eta sindikatuetako emakumeen atalek osatzen dute. Egun indarrean dagoen Berdintasun planaren (2008-2013) azterketa egitea eta 2014an abian jarriko duten III. Berdintasun planerako ekarpenak egitea izango da biharko bileraren helburua.
Berdintasunerako II. Planaren Ebaluazio txostena egiteko hiru ikuspegi aztertuko dituzte. Batetik, planaren betetze maila, prozesuaren ebaluazioa, eta, azkenik, emaitzen eta eraginaren azterketa.
Planak dituen hutsuneak eta indarguneak ere nabarmenduko dituzte. Kontuan izango dute, esaterako, II. planak ez duela aurrekontu zehatzik izan, ez duela komunikazio planik izan, eta jarduerak gauzatu diren edo ez aztertzeko datu falta handiak izan dituela.
Naiara Sampedro berdintasun zinegotzia biharko bileraren garrantziaz mintzatu da. Bere hitzetan, “hurrengo plana elkarlanaren emaitza izatea nahi dugu, eta ekarpenak jaso nahi ditugu datorren urtetik aurrera abian jarriko den III. plana diseinatzeko”.