Karlos I.aren etorbideari lehentasuna emateko eskatu dio udal gobernuak Foru Aldundiari
Duela bi aste amaratarrak kalera irten ziren, adibidez, udalari eta Aldundiari berehalako neurriak eskatzeko.
Eskaera horiei erantzunez Nora Galparsoro azpiegitura zinegotzia Amarako bizilagunekin elkartu zen atzo. Udal gobernuaren ustez, auzi honetan erabakiak hartzea ezinbestekoa da herritarrak urte luzez ari direlako azpiegitura honen ondorioak jasaten. Galparsorok udal gobernuak dituen konpromisoak berretsi eta beraien esku dagoen guztia egiten ari direla esan zien herritarrei.
Ildo horretan, Karlos I.aren etorbideko lanei lehentasuna emateko eskatu dio berriro udal gobernuak Foru Aldundiari. Gainera, Galparsorok herritarrei azaldu zienez, aurreko proiektua baino bideragarriagoak diren konponbide batzuk ere aztertu dituzte. “Aurreko proiektuak 90 milioi euro inguruko aurrekontua zuen, eta oraingo aukerek, berriz, 18 milioi eurokoa”, aurreratu du Galparsorok.
Udal gobernuak planteatutako konponbideen arabera, lehenik eta behin Martuteneko biribilgunea egokitu beharko litzateke, gainezka egin ez dezan. Ondoren, Karlos I.aren etorbidea itxi, Marrutxipi ingurua egokitu eta azkenik, Amarako zubibidea bota eta ingurua urbanizatu.
“Konpromisoa, datak eta egitasmo zehatzak” eskatu dizkio udal gobernuak Aldundiari, eta bizilagunekin nahiz Aldundiarekin elkartzen jarraitzeko borondatea adierazi du, arazoari konponbidea ematea lortzen den arte.
Behin-behineko neurriak
Bestalde, Karlos I.aren etorbideko moldaketen eragozpenak gutxitzeko behin-behineko proiektu bat aurkeztu die Galparsorok bizilagunei. Egitasmo bera erakutsiko dio Foru Aldundiari ere, bere balorazioa egin dezan, Aldundiak berak kudeatzen duen azpiegitura baita.
Behin-behineko neurria bidearen zati handi batean trafikoarentzako errail bakarra egokitzea litzateke, eta bizilagunek lurrazpiko pasabidea erabili beharrik ez izateko, semaforo bat jarriko lukete errepidean.
Nora Galparsoro, azpiegitura eta zerbitzuetako zinegotziak bilera egin zuen atzo Amarako bizilagunekin Karlos I.aren etorbideari buruzko argibideak emateko.
Udal gobernuak Karlos I.aren etorbideko saihesbidea istearen aldeko jarrera izan du hasieratik, baina bizilagunek erantzunkizun handiagoa eskatu izan diote.