AHTa egiteko lanak bertan behera uzteko eskatu du Haritzaldek
Martutenen, Antondegin, hainbat haritz moztu dituztela eta lur mugimenduak egin dituztela salatu du naturzaleen elkarteak.
Abiadura Handiko Trenaren “obra eroa” Donostiara iritsi dela ohartarazi du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Herritarren beharrak eta lehentasunak beste batzuk direla plazaratu du, eta akaso, AHTa “enpresa eta alderdi politikoen beharra dela azaldu du. Lanak bertan behera uzteko eskatu du, eta Donostiako Udal Ingurumen Aholku Kontseiluari honen inguruan iritzia emateko eskatu dio.
Krisi egoera betean “beharrezkoa ez den proiektua” bultzatzen jarraitzen dutela salatu du. Ingurumenari egindako kalteak larriak badira ere, larriagotzat jo du beste beharrentzat beharrezkoa den dirua AHTan xahutzea. Gainera, hurrengo legealdietako eta belaunaldien etorkizunari berari AHTa egiteko zama jarri diotela esan du: “Aurrera eginez gero, ibilbidea bukatu ez ezik, hirietako sarbideak ere eraiki beharko dituzte, eta abian jarriz gero, etengabe diruz lagundu beharko dute ‘bideragarria’ izan dadin. Hots, gure dirua eta geurea ez dena gastatzen ari gara, etorkizuneko aurrekontuak baldintzatuz”.