Euskoari buruzko hitzaldia suhiltzaileen egoitza zaharrean
Donostiako Udaleko Lankidetza atalak, Cristina Enea Fundazioak, Bagera Elkarteak eta 2016 Bulegoak hitzaldi bat antolatu dute: Euskoa: Iparraldeko Tokiko Moneta. Ostegunean (azaroak 21, 19:00), Suhiltzaileen egoitza zaharrean izango da hitzordua. Urtarril honetan Euskal Moneta elkarteak Euskoa martxan jarri zuen Ipar Euskal Herrian. Moneta alternatibo eta Euroaren osagarria da, eta ez du konkurrentzia eta aberasteko tresna izan nahi, tokiko diru euskaldun, ekologiko eta soziala baizik.
Sozial, alternatibo edo osagarri deituriko monetak ez dute diru tradizionala ordeztu edo desagerrarazi nahi, honek garatu ezin dituen alde sozial positiboak garatzea baizik; eta, baita ere, tokiko ekonomia moneta berezko ondasun gisa ikusten duen kontzeptutik askatzeko. Honela, moneta honek tokiko ekonomia indartzen du. Zirkuitu motz batean geratzen den, eta
kanpora ateratzen ez den trukea egiteko tresna bat da, bide batez tokiko garapena dakarrena. Gainera ekologikoa da, distantzia handiko garraioa ekiditen duelako, eta, tokiko lana sustatzen duenez, moneta soziala ere bada.
Euskoak, era berean, saltzaile, enpresa, elkarte eta kontsumitzaileen arteko elkartasuna indartu nahi du, eta baita euskararen erabilera bultzatu ere. Agente guzti hauekin sortutako sareak bizilagunen arteko gertutasuna areagotzen du, ehun soziala berreskuratuz.